GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Abuztuak kutsadura politikoa areagotu du

Hilabete lanjerosa da agorrila. Udako oporraldiak utzitako albiste bi soilik aipatuko ditut. Biak ala biak kezkagarriak direlakoan nago. Alde batetik, planeta salbatzeko aitzakiaz herritarren poltsikoak hustea proposatu du Frantziako Gobernuak, bestetik, Ipar Euskal Herria zeharkatuko duen AHT berria eraikitzeko asmoari bultzada eman diolarik. Hainbat galdeketaren bidez herritarrek azaldutako iritzia eta talde ekologistek aurkeztutako txostenak baztertuz, 1.000 milioi euro inguru gastatzeko asmoa omen du Parisek azpiegitura horretan... krisiak populua krudelki jotzen duen garaian.

Kopenhageko Goi Bileraren atarian bozkatu nahi dute karbonoaren gaineko zerga. Bertan Kyotoko protokoloa ordezkatuko duen egitasmoa adostu behar dute mundu zabaleko agintariek. Hala ere, zerga berria ezinbestekoa da 2050. urterako CO2 isurketa erdira murrizteko edo engaiamendu eraginkorrak hartzeko nahiera eza eskuratzeko airean zirimola besterik ez da?

2010ean eskualdeko hauteskundeak izango dira eta dagoeneko PSren hondakinak eskuratzeko lehia bizia aurreikusten da. Ekologia bozak lortzeko apeu erabilgarria dela aspaldi ulertu zuen eskuinak, eta oraingoan bere egitasmo politikoa iraunkortzeko baliatu nahi du uholde berdea.

Sarkozyk ongi prestatu du jokaldia. Lehenik Grenelle de l'environnement deituriko bilera antolatu zuen ekologismo politikoaren zatiketa areagotzeko, ondoren sozialista baten eskutan utzi zuen proposamen zehatzak egiteko ardura hartu zuen batzordearen buruak. Finean, Rocard jaunak CO2 tona bakoitzeko 32 euro ordaintzeko asmoa mahaigaineratu duenean... presidenteak zerga berriaren pisua gutxitzera jokatu du.

Robin Hood frantsestu ote da? Ezta guttiagorik ere. «Opari fiskalak» eginez urtero 15 miliardo xahutu duen agintariak banku nagusien kutxetan 376 miliardo sartu duen presidenteak eta enpresariek ordaintzen zuten zerga ke bilakatu duen mandatariak herritarren patrikak miatuko ditu gasolina bila udatik bueltan.

Hartara, eliteak saritzea helburu duen politikaren erruz izugarri emendatu den estatu zorra arintzeko, langileek pairatzen duten zerga zama abiadura handiko trenean garraiatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo