GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Txertoa sendagileari

Abuztua badoa, ekainarekin den uztailaren bila joan ere. Ez, ez nago egutegiari begira, errepide nagusiari begira nago. Hor doaz autoak milaka, ilaran, errenkadan, geldi-geldika, ipar orratzak agintzen duen iparrerantz, hego orratzak markatzen duen hegotik. Abuztu azkeneko urteroko ibilbidea betetzera kondenatuak; jaioterria abiapuntu, Pirinioetako bidesarizko bazterrak helbide eta lan-herria helburu. Errepide bazterretik begira dagoen baten batek iparrerantz doazen horiek Magreben udarako bigarren egoitzaren bat dutela pentsa lezake, nolabaiteko inbidiaz. Baina oker, hilerria zein izango duten etengabeko dudazko bidaiara behartuak dira. Eta hau kolpea!, autoen pilaketa non eta mugan gertatu, mugarik gabeko Europan mugek muga izaten segitzen duten seinale. Tira, seinalez seinale, auto-ilarena ere berdin, abuztua amaitzear dagoen seinalea. Hori eta jaien agortzea ere! Horregatik da, seguruen, abuztua agor hila. Kurtso berria dakar doan hilak. Kurtso politiko berria ikasturtea izango duten ikustear dago, baina horien ohiko eskola-porrota ikusita, ez dirudi ezer berri ikasteko baliatuko dutenik urtea, politikan A eredua finkatzeko ez bada, sikiera, hemengo politikaren osasuna jota duen gripea bera. Txertoa txarto dagoenari txertatu behar bazaio, bertoko ezkerreko jendea da gaixo-ilaran buru, ume eta edadetuen askoz aurretik, seinaleak seinale. Bestalde, indarrean diren joko-arauen zaleak, demokrazia-txertoa umetan hartuak, hasiak dira dagoeneko itzulera-operazioan, aulkiak berotzen. Honetaz, bada ni aspaldidanik kezkatu nauen gauza: akaso ezin dute horiek bero hori baliatu energia iturria legez? Nahiz eta beren buruak argitzeko baino ez izan! Tira, harira! Bizkar-zorroa bete neurri datoz horiek, krisiari aurre egiteko edo. Eta balizko oposizioa bizkar-zorroa bete kromo, neurriok trukatzeko pizgarri. Harira, uniforme bete lan izango dute horiek kurtso berrian hitz egin nahi dutenak legeen agindu-kolpez isiltzeko. Datorren urteko jaietan txupina botatzeko araubidea arautuko duen araudia arautzen emango bide dute denbora gehien ordenako arautzaileek, arau-hausterik izan ez dadin. Ama, ama! Poeta andaluziarrak zioenez, gaixo egotea baino okerragoa da sendagile txarra izatea! Harexek bai arrazoia gero! Txertoa sendagileak behar. Horregatik fusilatuko zuten, seguruenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo