Koldo Aldabe 2009/8/25
Hau ez da presoen argazki bat
berria
Bilbo, 2009ko abuztuaren 20a: Ertzaintza konpartsen txosnetara joan da, eta euskal presoen erretratuak kentzeari ekin dio; klik. Erretratua: ertzain bat presoen argazkiak kentzen. Hau ez da presoen argazki bat izenburua eman dakioke, eta erretratuaren azpian jarri, argi gera bedi. Rene Magritte.
Adibide bat baino ez da, Rodolfo Ares sailburuaren mehatxuei izkin egin ahal izateko. Besterik da Aresek eta hark bidalitakoek ñabardurak ulertuko dituzten, zaila benetan, bistan dena, dena zaku berean sartu nahi horrek itsututa baitauzka.
Herrizaingo sailburuaren azken burutapenak ere badu surrealismotik apur bat. Presoen erretratuak dituzten tabernetan ez sartzeko dei egin die herritarrei. Presoen erretratuak dituzten edo ez jakiteko tabernan sartu behar horrek zailtasuna eransten dio herritarrei eskatutako ahaleginari. Gainera, Ertzaintza primeran betetzen ari baita agindu diotena -sailburuaren hitzetan-, zail izango dute herritarrek presoen argazkiak dituzten tabernak aurkitzea, haietan ez sartzeko gomendioa betetzeko.
Gutxitan entzun da sailburu baten ahotik boikoterako deia. Taberna horiei, enpresa gisa, kalte egiten die, eta logikoa litzateke buruzagi sozialista auzitara eramatea ere.
Aukeratutako unearen egokitasuna auzitan jartzekoa bada, gutxienez. Aresen asmoa ez zen izango -errugabetasun presuntzioa aitortu beharko zaio Herrizaingo sailburuari-, baina hark jomugan jarri dituen taberna horietako batzuk zikindurik agertu dira Iruñean Cristo Rey-ri bibaka eta Espainiako Falangearen sinadura zeramaten pintaketez eta ituaz. Boikoterako deiak, beraz, halakoren beharrik ez zutenen gogoa eta asmoak piztuko zituen.