EAJk laguntzeko prestutasunik ez duela diote PPk eta PSEk
Iñigo Urkulluren hitzek haserrea eragin dute PPn eta PSEn eta «oposizioan dagoela behin betikoz onartzea» eta egoerak eskatzen duen maila eman dezala exijitu diote bi alderdiek EAJri. PSEko eurodiputatu Ramon Jauregi urrunago joan da. Akordioa egon ezean, udan jeltzaleek egonkortasun instituzionalerako aurkeztutako proposamena «eraikitzeko baino zatiketa eragiteko eta protagonismoa berreskuratzeko» egin zela agerian geldituko dela esan du.
GARA
Patxi Lopezen Gobernuak ostiralean egindako lehen bilera eta EAJk Zarautzen egindako ikasturte politikoaren irekiera hizpide izan ziren atzo. Gasteizko Parlamentuan PPko eledun den Leopoldo Barredak gogor jo zuen EAJko buruak, Iñigo Urkulluk, esandako hitzen kontra. Hala, Urkulluk zuzendutako alderdiak oraindik ere oposizioan dagoela onartu ez duela nabarmendu zuen.
Krisi ekonomikoari aurre egiteko, aldez aurretik ezagunak ziren neurriak aurkeztea leporatu zieten jeltzaleek PPri eta PSEri Zarautzen, eta honek Barredaren haserrea eragin du. «EAJk ez du laguntzeko prestutasunik eta, horrez gain, eduki gutxiko kritikekin lana oztopatu nahian dabil», salatu zuen Barredak.
Aste honetan PPk eta PSEk aurrekontuen inguruan sinatutako akordioak «Ibarretxek inoiz egin ez duena» ekarriko duela sinetsita dago Barreda, eta «hitzartutakoa bete eta gauzatuko» dela defendatu zuen. «Horixe da benetako aldaketa, aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioak bete egingo direla», esan zuen.
Antzerako hitzak izan zituen Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek ere. Urkulluren alderdia «okertuta» dela esan ostean, egoerak eskatzen duen maila eman dezala galdegin zion EAJri. Irailaren 8an Lakuak onartuko dituen neurriak, gainera, «erabat berritzaileak» direla defendatu zuen Aresek.
EBrentzat, «lotsagarria»
PSEko eurodiputatu Ramon Jauregik ere EAJren egitasmoak izan zituen jomuga eta aurrekontuen eztabaidan akordiorik ez balego, EAJk uda hasieran egindako egonkortasun instituzionalerako eskaintza «eraikitzeko baino zatitzeko saiakera» zela agerian geldituko dela gaineratu zuen. Horrez gain, egonkortasun ekonomikoa lortzeko jeltzaleen eskaintzak «garrantzia eta segida» izan dezan, ezinbestekoa deritzo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aurrekontuen akordioan «isla» izatea.
Jauregiren aburuz, EAJren eskaintzaren «benetako asmoa maila politikoan protagonismoa bilatzea» zen, boterea galdu zuenetik hori ere galdu duela uste baitu PSEko kideak.
EB, aldiz, oso kritiko agertu zen atzo Gasteizko Gobernuak krisiari aurre egiteko agertutako neurri sortarekin, eta «baztertzaileak eta atzerakoiak» direla nabarmendu zuen. «Joko ezmorala» egin izana leporatu dio, gainera, lehendakariari, «PPrekin erabat itxita» dauden aurrekontuen gaineko lankidetza eskatu dielako gainontzeko erakunde, alderdi eta herritarrei.
Lopezen jarrera «lotsagarria» izan dela eta alderdiak «egoera estuan» jarri dituela uste du EBk. Izan ere, aurrekontuei oniritzia eman ezean, «lankidetza falta» leporatuko die.
EBko eledun Serafin Llamasen arabera, aurrekontuak diseinatzeko orduan «bide logikoena» Gasteizko Parlamentuan dauden «ezkerreko indarrekin» negoziazio prozesua abiaraztea litzateke. Horrela, Llamasen aburuz, «gizarte politikan sakondu eta lana sustatuko luketen aurrekontu aurrerakoiak» lortuko lirateke.
Indarrean den egoera ekonomiko larriak aurrekontu aurrerakoiak «beharrezko» egiten dituela defendatu zuen Llamasek eta bitartean krisiaren kontrako «bat-bateko neurriak» hartzeko deia egin zion Patxi Lopezek zuzentzen duen Gobernuari.
Egungo egoerak eskatzen duen konpromisoarekin jokatzeko eskaria egin dio EAJri Rodolfo Aresek. «Guk, egoera samurrago batean, gureak ez ziren aurrekontuak onartu genituen», gogorarazi die jeltzaleei.