Norberaren lekua bilatuz bizikleten paradisuan
Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Ezer baino lehen, agur bero bat irakurleei Holandatik. Holanda. Hemen gaude, Espainiako Itzuliari hasiera emateko, arraroa baldin bada ere. Honantz etortzeko hegazkina hartu genuenean, egunkarian irakurri nuen Jasone Osororen artikulu bat. Bertan, argi-indar kable batetatik zintzilik zegoen mendiko bota parea ikusi zuela esaten zuen eta harekin identifikatuta sentitzen zela. Han goian zintzilik, mendian gora erraz eramaten dituen bere jabearen oinetatik urruti, lekuz kanpo.
Guztiok sentitu gara horrela noizbait, ni ere oraingoan: Espainiako Itzulia Holandan, lautada eremu zabal eta haizetsu honetan eskalatzaile bat, motorren zirkuitu batean txirrindulariak... Edonola ere, gure lanbideak behartuta laster ohitu ohi gara txirrindulariok leku bakoitzeko ezaugarrietara.
Tulipan eta haize erroten herrialde honetara iritsi bezain laster konturatu gara beste kultura bat dela hemengoa eta, gure alorrera etorriz, bizikletak duen garrantzia izugarria dela. Baina ez soilik txirrindularitzak kirol bezala duena, nahiz eta garrantzi handia duen. Horrez gain, eguneroko bizitzan izugarria da bizikletaren garrantzia.
Errepide orok paraleloan bidegorri bat du eta handik igarotzen dira etengabe hamaika txirrindulari. Kuriositate gisa kontatuko dizuet entrenamendu batean Astanako txirrindulariak errepidetik joateagatik zigortu eta taldeko kotxean bizikletak gorde eta autoan bidaiatzera behartu zituela Poliziak. Harritzekoa da bidegorrietan aurki dezakegun heterogeneotasuna. Eskolara doazen umetxoetatik, erosketak egin edo paseotxoa ematera doazen jubilatuetaraino. Tartean, traje eta maletinarekin doazen enpresariak, posta banatzaileak edo, gure modura, bizikletan ibiltzea ofizio dugun pribilegiatuak.
Gainera, bidegorri hauek ezin hobeto prestatuta daude. Norabide bakoitzak karril bana, autoekiko lehentasuna, abiadura moteldu gabe zaborra bota ahal izateko zakarrontziak... Aipagarria baita ere tren eta autobus geltokiek bizikletendako dituzten aparkaleku ikusgarriak; nik inoiz ikusitako bizikleta kopuru handiena.
Espainiako Itzulira bueltatuz, erlojupekoa izan da lehenbiziko betebeharra. Modalitate honetan pixka bat lekuz kanpo sentitzen naizenez -hasieran aipatutako mendi botak bezala, edo gaur aritu garen moto GP zirkuitu honetan mobilette txiki bat bezala-, xehetasunak alor honetan espezialista den lagun batek bihar zutabe honetan azalduko dizkizuela erabaki dut. Berak, gaurko protagonista izateaz gain, une batez guk genuen ametsa gauzatu digu eta urduritasunez itxaron behar izan dugu hainbat minutuz, amets horretatik esnatu garen arte.
Honezkero asmatuko zenuten zein den, ala? Bestela, bihar goizean kioskora osteratxo bat egin beharko duzue, GARA erosi eta zutabean nork idazten duen ikusteko.