Bizikleta gainean defendatu dute autobus errailaren hedapena eta hobekuntza
Bizi! mugimenduak antolatuta, jende ugarik bizikleta hartu zuen atzo eta Baionatik Angelura abiatu zen Chronobusaren bidea eginez. Ekimen honen bitartez, Biarritz, Angelu eta Baiona arteko autobus errailaren alde agertu eta Merkatari Elkargoaren presioak salatu zituzten.
GARA
Bizikleta hartu eta Baionatik Angelura abiatu zen atzo arratsaldeko hiruretan jende ugari Bizi! mugimenduak antolatutako BABko autobus errailaren aldeko ekimenarekin bat eginez. Azkenaldian, Baiona, Angelu eta Biarritz arteko autobus sarea indartzeko Hiri Elkargoak sortu duen autobus errailaren aurkako kexak areagotu dituzte saltokietako merkatariek.
Merkatarien aburuz, autobusentzako erraila sortu izanak auto-ilarak eta arazoak eragiten ditu eta, horren ondorioz, dendetan salmentak jaitsi egin dira.
Merkatari Elkargoen presioari aurre egiteko asmoarekin eta Chronobus ibilbidearen atxikitzea, hobetzea, garatzea eta BAB osoan zabaltzea aldarrikatzeko, bizikletan abiatu ziren atzo Baionatik. Familiei eta haurrei egokitutako erritmoan, Angeluko Herriko Etxera heldu ziren «Bai Chronobusari, bere hobekuntzari eta bere garapenari!» lelopean.
Bizi! mugimenduaren iritziz, autobus errailarena garatu eta hobetu beharreko ekimena da. Baiona, Angelu eta Biarritzen garraio indibidual eta kolektiboaren egoera eta zientzialariek berotegi efektuko gasen isurketari buruz aholkatzen dituzten helburu garrantzitsu bezain premiazkoak kontuan hartuta, Chronobus ekimena oso positiboa dela uste dute.
Garraio publikoa sustatu
Iragan abuztuaren 17an Bizi! mugimenduak Merkatari Elkargoari gutun ireki bat bidali zion non Baiona, Angelu eta Biarritz arteko autobus errailaren abantailak jasotzen ziren.
Gutunaren lehendabiziko partean azaltzen den bezalaxe, Chronobusaren esperientzian, autobusak bide berezia erabiltzen du eta bizikletekin partekatzen du. Autobus ibilbidearen denbora murriztearekin batera, Chronobusaren helburua garraio publikoa erabiltzea norberaren autoa hartzea baino erakargarriagoa egitea da.
Zerbitzu molde honen beste xedeetako bat gidariek garraio publikoa hartzeko hautua egin dezaten da. Izan ere, Baiona, Angelu eta Biarritz Hiri Elkargoak 2013. urterako berotegi efektuko gasen isurketak %8 murrizteko betebeharra du, eta hori lortzeko hartu dituen neurrien barnean dago Chronobusa sustatzearena.
Errailaren sorkuntza Baiona, Angelu eta Biarritz Hiri Elkargoak garraio publikoa garatzeko duen egitasmoaren barnean kokatzen da. Gaur egun, hiru herrien arteko joan-etorrien %80 autoz egiten dira. Chronobusaren bidez, gas emisioak murriztu nahi ditu Hiri Elkargoak.
Bizi! mugimenduak bat egiten du autobus errailarekin. «Chronobusa atxiki behar da, gainera hobetu eta ibilbidea zabaldu behar dela uste dugu. Autoari espazioa murriztu behar zaio», defendatu du.
Autobusentzako erraila sortu izanak ilarak eta arazoak eragin dituela, eta, ondorioz, dendetan salmentak jaitsi egin direla uste dute kontra agertu diren merkatariek.