Ibarrako hiru bizilagun auzipetu dituzte Aranalde agurtzeagatik
Maite Aranalde preso ohia espetxetik irten eta ostegun gauean Ibarrara iritsi zenean Ertzaintzarekin izandako istiluen ondorioak «gogorrak» izan direla salatu zuten atzo Ibarran. Gaztearen bi osaba eta lagun min bat auzipetu egin dituzte «terrorismoa goraipatzea» leporatuta. Gertaturikoa salatzeko, gaur arratsaldean manifestazioa isila egingo dute. Herriko plazatik 18.00etan abiatuko dira Ibarrako bizilagunak «Utzi Ibarra bakean» lelopean.
Janire ARRONDO | IBARRA
Iragan ostegunean Maite Aranalde Madrilgo Soto del Real kartzelatik irten ostean Ibarrara iritsi zenean Ertzaintzarekin gertaturikoak salatzeko, hamarka herritarrek agerraldia egin zuten atzo herriko plazan.
Izandako gertaerek ondorio «gogorrak» ekarri dituztela salatu nahi izan zuten. Izan ere, hiru bizilagun auzipetu egin dituzte «terrorismoa goraipatzea» leporaturik. Horietako bi gaztearen osabak dira; bat ostegun gauean atxilotu zuten eta bestea zauritu egin zuten eta orain lesioak ditu eskuin besoan. Hirugarren auzipetua Aranalderen lagun mina da. Ibarrako bizilagunek argitu zutenez, ostegun gauean «Aranalderi ez zioten autotik ateratzen ere utzi».
Bestalde, hiru auziperatzeez gain, Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz hamabi lagun zauritu ziren eta, horrez gain, hamabost lagun identifikatu zituzten. Hala ere, «jazarpena» Madrilen bertan hasi zela salatu zuten atzo Ibarran. Izan ere, Aranaldek Soto del Realeko espetxea utzi zuenean, bertan bildutako hogei lagun identifikatu egin zituzten.
«Besarkatu egin nahi genuen»
Lehengo eta behin, Aranalde espetxetik ateratzen zenerako inolako omenaldi edo ongietorririk antolaturik ez zegoela argitu nahi izan zuten Ibarrako bizilagunek atzoko agerraldian. Euren hitzetan, «komunikabideetan bili-bolo zabaltzen ibili zirena gezurra zen». «Gure asmo bakarra, besterik gabe, Maite agurtu, musukatu eta besarkatzea zen», nabarmendu zuten.
Aranalde herriko bizilagun ezaguna dela azaldu zuten; «batzuek ikastolatik ezagutzen dugu, besteek dantzatik, gaztetxetik, parrandetatik, ekintza kulturaletatik edo herritarra izateagatik soilik», esan zuten. Hala ere, «ostegunean, goizaldera arte zain egon ondoren (1.30etan heldu zen herrira), ezin izan genuen bakean agurtu», salatu zuten.
Ostegun gauean gertaturiko iskanbilak gertutik bizi zituztenek azaldu zutenaren arabera, «behin Maite zekarren furgoneta herrira iritsi zenean, bertan agertu ziren dozenaka ertzainak errepide bazterretan zeuden herritarren aurka oldartu ziren». Hurrengo egunean, gertatukoaren gainean hitz egiterakoan, hainbat komunikabidetan Ibarran istiluak izan zirela esan zuten. Herritarrek salatu zutenez, aldiz, «istilu bakarrak Ertzaintzaren karga bortitzak izan ziren».
Amorrua eta haserrea
Ostegun gauean izandako gertaerek herritarren artean «amorrua eta haserrea» eragin dutela jakinarazi zuten atzo bizilagunek. Horrela, agerraldian azaldu zutenez, «jazotakoa salatzeko eta bakean bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko» manifestazio isila antolatu dute gaurko. «Utzi Ibarra bakean» lelopean herriko plazatik aterako da manifestazioa arratsaldeko seietan.
Horrez gain, Aranalde eta bere senideei «berotasunik handiena» agertu nahi izan zieten bizilagunek atzoko agerraldian. «Gaztearen familia jasaten ari den jazarpen bortitza» amaitzeko eskatu zuten beste behin eta Ibarrako herritarren izenean «bizilagunei manifestazio isilean» parte hartzeko deia egin zieten.
Asteartean estraditatu zuten Aranalde Estatu frantsesetik espainolera. Hurrengo egunean, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik pasa eta 12.000 euroko fidantza ordainduta aske geratu zen. Ordutik, epaitegiko fiskaltzak gaztearen kaleratzea atzera botatzeko edo bestela jarraipen neurri zorrotzagoak ezartzeko eskatu du. Datorren astean Baltasar Garzon epaileak kasua berriro hartzea espero da.
Ostegunean Ibarran Ertzaintzarekin izandako istiluak salatzeko manifestazio isila deitu du gaur arratsaldeko seietarako herritar talde batek.
El movimiento pro amnistía denunció ayer el hostigamiento de la Ertzaintza en Bermeo y Lekeitio. En la primera localidad, agentes de la Policía autonómica patrullaron el pueblo acompañados por municipales mientras trabajadores del Ayuntamiento se dedicaban a quitar fotografías de presos políticos vascos durante la mañana del viernes. En Lekeitio, la madrugada del viernes, ertzainas de paisano se presentaron en la herriko taberna y amenazaron al camarero con ser imputado por «enaltecimiento del terrorismo» si no retiraba los retratos de los represaliados. Por la tarde, varias dotaciones acudieron a la encartelada de Etxerat, sin que se registraran incidentes.
Por otro lado, medio centenar de personas se concentraron el jueves en Errezil para exigir la puesta en libertad de su vecina Maritxu Uzkudun. La presa política vasca cumplió ese día la totalidad de la condena impuesta pero sigue en prisión después de que le alargaran la pena. Uzkudun lleva 18 años encarcelada.
Asimismo, ayer homenajearon en Errenteria a cuatro militantes fallecidos.GARA