SURFA San Miguel Pro Txapelketa
Mundu mailako ikuskizuna gaurtik aurrera Zarautzen
Datozen egunetan izango dugun hondoko itsasoak olatu handiak ziurtatzen ditu. Surflari euskaldunek beren maila erakutsi nahiko dute aurten ere.
GARA | DONOSTIA
Zarauzko San Miguel Pro surf txapelketa, bost izarreko mailarekin WQS zirkuiturako baliagarria izango dena, gaur hasiko da, itsasoaren egoerak laguntzen baldin badu behintzat. Mundu osotik etorritako goi-mailako 144 surflari nor baino nor arituko dira Zarauzko olatuetan. Euskal ordezkaritza, Aritz Aranburu herriko semea buru duela, bere maila erakusten saiatuko da datorren igandera bitartean.
Lehen kanporaketako txanden hasiera 8.00etarako dago aurreikusita, nahiz eta itsasoaren egoerak lehiaketa atzeratzea eragin dezakeen. Izan ere, bihartik aurrera olatuen tamaina handituz joango da eta ostiralerako 2-3 metroko uhinak espero dituzte. Lehiari ekitea erabakiz gero, 19.00ak arte luzatuko da uretako ikuskizuna.
Aurreneko kanporaketan sei surflari euskaldun sartuko dira uretara: Asier Muniain, Norman Landa, Eneko Acero, Iker Fuentes, Haritz Mendiluze eta Indar Unanue. Bigarren kanporaketan, zain daude Aritz Aranburu, 2007ko irabazlea, Karlos Gomez, Hodei Collazo eta Txaber Trojaola. Hauez gain, antolakuntzak Tim Boal angeluarraren partaidetza ere iragarri zuen, iazko irabazlearena, hain zuzen ere. Aranburu eta Boal dira munduko 45 onenen taldetxoan dauden bi surflari euskaldunak.
Kanpotik Zarauzko hondartzara inguratuko diren izarrei dagokienez, aipagarrienak Marlon Lipke -Top 45ekoa hau ere-, Adam Melling, Gudauskas anaiak, Joan Duru, Matt Wilkinson, Sunny Garcia beteranoa, Gony Zubizarreta, Leonardo Neves, Luke Munro, Rodrigo Dornelles, Travis Logie, Jonathan Gonzalez, Pablo Gutierrez edo Glen Hall izan daitezke.
Baina surf lehiaketetan gertatzen den moduan, ikuskizuna ez da soilik kirol arlora mugatuko. Desertu-txiki inguruan egunero hainbat ikuskizun egongo da aukeran, arratsaldetik hasita. Gaur skate eta breakdance erakustaldia, bihar Buffalo eta Lauroba taldeen kontzertua, ostegunean DJ Makala eta Jimmy Bidaurreta, ostiralean Revolutionary Brothers eta Akatz reggae taldeak eta larunbatean Costas eta Mendetz DJak.
Etxeko surflariak izan dira Zarautzen nagusi azken bi urteetan. 2007an Aritz Aranburu zarauztarra nagusitu zen herrikideen aurrean, eta iaz Tim Boal angeluarrak irabazi zuen lehiaketa. Antolakuntzak aurreratu duenez, biak uretan izango dira aurten ere.
Eta Zarauzko txapelketa abiatzearekin batera, Mundakakoa ere hasi da berotzen. Munduko 45 surflari onenak bilduko dituen lehiaketa urriaren 5etik 17ra izango da. Billabong etxeak «Still Filthy» filma aurkeztuko du bertan.