Uraren koloreak eta ñabardurak azaleratzen dituen erakusketa, Garaziko Argazkiaren Biltzarrean
Argazkiaren Biltzarra antolatu dute beste behin ere Donibane Garazin, argazkilari profesionalek zein zaletuek egindako lanak ezagutzeko aukera emanez. Aurtengoa, XVII. edizioa, irailaren 5etik 20ra izango da.
Idoia ERASO | BAIONA
Ura izango da aurten gai nagusia. Urak sortzen dituen paisaiak edo ur tanta bakar bat; kolorerik gabeko ura edo ortzadarraren kolore guztiak islatzen dituena. Abstrakzioari eta irudimenari bidea irekitzen dizkioten argazkiak edo grafismoaren bidez istorio baten berri ematen dutenak. Ura protagonista dutenak edo irudi osatu batean bere txokoa eta garrantzia aldarrikatzen duten urarenak. Biltzarrak 150 argazki inguru jaso ditu aurten, uraren inguruko gogoeta grafikoak eskaintzen dituztenak. Horietatik hirurogeik osatuko dute erakusketa eta gutxi batzuk izango dira sarituak.
Urtero legez erakusketa eta lehiaketa antolatu du Argian elkarteak Garaziko Argazkiaren Biltzarra egiteko. Denei irekia den eta argazkilaritzaren aldeko zaletasuna bultzatzen duen deialdi honek arrakasta handia izaten du urtero. Horren lekuko, publikoaren saria banatzeko urtero biltzen diren hiru mila inguru boto. Beste bi sari ere banatzen dituzte, epaimahaiak erabakitakoa batetik, eta Donibane Garaziko herriak eskaintzen duena bestetik.
Parte-hartzaile gehienak Ipar Euskal Herrikoak izan arren, gero eta nafar gehiagok hartzen dute parte ekimenean, bereziki Elizondo eta Iruñea aldekoak. Estatu frantsesetik Donibane Garazira heltzen diren turisten artean lehiaketa honenganako gero eta interes gehiago dagoela ere nabarmendu zuen Kakes Etchevers antolatzaileak: «Iruñetik deitu dute parte hartzeko aukerarik ba ote duten galdetuz. Gu arras kontent gara partaideen kopuruaren igoerarekin, gure xedea argazkilaritza ahalik eta gehien zabaltzea baita».
Epaimahaia
Ohi bezala epaimahaia argazkilari profesionalez osatuko da. Angela Mejias, Isabelle Pale, Pierre Capperon eta Patrizia Zamora izan dira jasotako argazkien artean erakusketa osatuko duten hirurogeiak aukeratu dituztenak, baita aurtengo Biltzarraren sariak norentzat izango diren erabakiko dutenak ere.
Epaimahaiak lan handia zuen atzokoan irizpide ezberdinak uztartzeko. Angela Mejiasek grafismoaren aldeko boza eman zuen hautaketa egiteko orduan, «ni oso klasikoa naiz irudietan, ez ditut abstrakzioak gogoko». Ez ziren denak iritzi berekoak, ordea; erakusketan izango diren argazki mota anitzek hori ematen zuten aditzera.
Biltzarraren saria irabaziko duten hiru argazkiak zeintzuk diren erabaki zuten atzokoan, baina irailaren 20ra arte itxaron beharko dugu sarituen izenak eta argazkiak zeintzuk diren jakiteko. Mila euro banatuko dituzte epaimahaiaren hiru argazki gustukoenen artean, lehenak 450 euro irabaziko dituela.
Argazkiak «lantzeko» baliabide informatikoen erabilerak ere zalantzak sortu ditu antolatzaileen artean. Nori eman lehentasuna, argiaren ñabardura egokia lortzeko eta kokapen zehatzera heltzeko orduetako lana eta esfortzua egin duenari, edo artearen beste ikuspegi batetik argazki bat «hobetzeko» gaitasuna eta irudimena erakutsi duenari?
Epaimahaiak argazki moldaketa egin dituzten lanak aukeratuen artean sartu ditu, baina argazkiaren eta obraren lanaren kalitatearekin bat egiten dutenean, artearen baitan. Nolanahi ere, hurrengo urterako arauetan horren gaineko erabaki bat hartzeko aukera aztertzen ari dira antolatzaileak.
Tokia: Donibane Garaziko herriko etxea eta Apezpikuen Presondegia.
Data: Irailaren 5etik 20ra.
Antolatzailea: Argian elkartea.
Sari banaketa: Irailaren 20an herriko etxean.
Sarreraren prezioa:
Dohainik.