Visa pour I'Image, argazki-kazetaritzaren balioa aldarrikatzeko gune garrantzitsua
Irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela esan ohi da. Prentsa idatziaren ikuspuntutik, ordea, baieztapen hau gehiegizkoa da, irudiaren eta hitzen arteko loturatik sortzen baitira balio handiena duten lanak. Elkarren eskutik doaz argazkigintza eta idazketa kazetaritzan. Batak bestea indartzen du, nolabait esateko.
Urtero Perpinyan egiten den kazetaritza-argazkigintzaren bilgune ospetsua, Visa pour l'Image, argazkigintzak alor honetan duen garrantziaren erakusgarri da. Bertan biltzen dira agentzia handietako argazkilari ospetsuenak beren lana erakusteko. Baita ikasle eta profesional ugari ere, maisuen lanetatik ikasteko. Nolanahi ere, aurreko mendean kazetaritzak izan zuen urrezko garaia igaro dela dirudi. Kazetaritzarena egiturazko krisia da, lanbidearen alor desberdinei eragiten diena. Inork argi ikusten ez duen fase berri batera heldu bitartean kazetaritza trantsizio gogor batera kondenatzen duen krisia.
Irtenbidea umiltasunez epe ertainerako estrategia bat finkatzetik etor daiteke. Horretarako hasieran aipatutako lema aldatu beharko da, agian, ondoko honen antzeko batengatik: «Irudi on batek -idazlan on batek bezalaxe- irudi txar batek baino mila bider gehiago balio du».