GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Itziar Gonzalez

Preso, mugikortasunaren izenean

Ez da lan makala izan Gipuzkoako autobus zerbitzu guztiak Lurraldebus txartel bakarraren barne biltzea, baina halako batean autobus bidaiarion eskaera bete egin zen. Orain, epe motzera, trenean eta topoan ere txartel bakarrarekin ibiltzeko aukera izango omen dugu gainera.

Bidaia-txartelaren prezioak behera nabarmen egin zuen arren, garraio publikoaren aldeko apustuan aritzen diren administrazioek are gehiago murriztu beharko lukete, pertsona gehiago (bezero gehiago) ekarriko bailuke; hau da, errepideetan auto ilara eta kutsadura sortzen duten auto eta motor gutxiago egongo lirateke.

Baina tira, hori beste kontu bat da. Aurrekoan autobusa hartzerakoan jazotako gertakariak bultzatu nau lerro hauek idaztera. Egun sargorian, Donostiako hondartzatik bueltan, Herribus autobusa hartu nuen (Donostia-Oiartzun) Herrera auzoan jaisteko asmoz. Eta hara hor nire sorpresa, irtetera nindoala ateak nire muturren aurrean itxi zirenean. Oraindik harrituta, autobus gidariaren oihuak iritsi zitzaizkidan: «¡Tú no te bajas aquí!». Nolatan ezin nintzela nire geltokian jaitsi?

Ondoren, alboko bidaiari batek azaldu zidan, Donostiatik datozen Herribusetatik erabiltzaileok ezin dugula Oarsoaldeko eremura iritsi arte autobusetik irten. Preso, alajaina, mugikortasun iraunkorraren izenean!

Geroago ziurtatu ahal izan nuen beste autobus baten zain nintzen bitartean, kartzela mugikorren funtzionamendua. Donostian herriko autobusak hartu ezean (D-Bus) ezin zara herri mugetatik irten arte autobusetik jaitsi. Esaterako, Donostian autobusa hartzen baduzu Oiartzunera joateko, Donostiatik Oiartzunera bitarteko autobus geltoki guztietan jaitsi eta igo zintezke autobusera Donostiako herri-eremuaren barruan ez bazaude. Baina nola da posible? Hala bada, ezingo duzu autobusetik jaitsi. Eta kontrako noranzkoan aldrebes, hau da: geltoki guztietan izango duzu igo eta jaisteko aukera; Errenterian, Pasaian... Donostiako herri-eremura iritsi arte. Orduan ateak jaisteko soilik irekiko dira, eta zuk bitartean, hantxe, kieeeto, autobusa hartu ezinik, Donostiako hurrengo autobusa noiz pasako zain.

Gezurra dirudien arren, egia borobila da, eta sinesten ez duenak, aukera dauka H2/ H1/ A3/ A2/ I1 autobusa hartu eta Donostiatik bueltan Ategorrietako gainean edo Herreran jaisteko saioa egiten. Hasiera batean ni ere gertaturikoa sinistu ezinik nengoen, halako erabakiaren berri ez baitut ez autobus geltokietan, ez autobus barrualdeetan, ez prentsan, ez beste inon ikusi.

Hortaz, beste behin, garraio publiko eta iraunkorraren alde aritzen garen norbanakooi, gure osasunerako, gure patrikarako eta planetaren hobe beharrerako aritzea zaildu egiten zaigu. Agintariren batek edo lerro hauek irakurriko balitu, mesedez, konpon dezala norbaitek egindako hanka sartzea, autobusean aske bidaiatu nahi dut-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo