GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Ez dagoela, zer?

Agintari politiko baten ahotan entzun daitekeen gauzarik larrienetako bat entzun diot egun hauetan Lopez lehendakariari: Ez dagoela dirurik! Ez dagoela dirurik, eta zer esaten diguzu guri? Eskatu Zapaterori, eskatu Florentinori, eskatu errege... magoei.

Erdi Aroan oso garrantzitsua izan zen nazio bati buruz entzun izan dugu euskaldunok txiste xelebre bat: hain zen aberatsa nazio hori non gobernu bat etorri, nahi beste lapurreta egin, eta beti geratzen omen zen dirua atzetik zetorrenarentzat ere. Hori txiste bat zen ordea, ipuin bat, nazio horren handitasuna bezalaxe, kontu hutsa.

Lopezen iragarpena, baina, ez da ipuina, benetakoa baizik. Zeren eta sosak ez badira iristen, nondik moztuko dituzte diru-kontuak? Zer utziko dute ordaindu gabe? Zeri emango diote lehentasuna eta zer baztertuko dute? Estreinatutako Gobernu honen hasieran ikusitakoak ikusita, argi dago. Euskararen alde lanean ari direnek, herri hau mundu mailan lehiatzeko gai izan dadin ikerkuntzan ari direnek, gure historia ikertzen ari direnek... pairatuko dute beherapena. Balkoietako trapu kentzaileek, kaleko graffiti-garbitzaileek, A eredukoek, ordea, horiek bai, horiek izango dute mauka.

Non dago orain hain manipulatua izan den solidaritatearen kontzeptu hori? Non daude mendeetan zehar zerga eta desjabetze bidez harrapatutako sosak? Non egunero-eguneroko lanetik kentzen dizkigutenak? Zertan xahutzen dira? Euskaldunok txisterik ez, baina esaera zahar labur bat bai badugu egoera hau deskribatzeko: Espainiako Gobernua, hartzeko pronto, emateko tonto.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo