Haurdun dauden emakumeen kaleratzeak areagotzen ari direla ohartarazi dute
Egungo krisia emakumeen eskubideak ahultzen ari dela adierazi zuen atzo EAEko Berdintasunerako defendatzaile Maite Errok, Donostian genero ikuspegitik krisia aztertuko duen nazioarteko topaketen hasieran.
GARA
EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeko ordezkari Maite Errok, atzo, «Ekonomia, genero eta ordainketa krisia» lelopean datorren ostiralera arte luzatuko den nazioarteko topaketen aurkezpenean adierazi zuenez, emakumeen eskubideak ahultzen ari da krisia. Eskubide urraketen artean, ohartarazi zuen, haurdun dauden emakumeen kaleratzeak areagotzen ari direla, oso era «kezkagarrian», eta haurrak izan nahi dituzten beste langile batzuen asmoan eragiten duela jarrera horrek.
Berdintasunaren defendatzailea nahigabetuta azaldu zen, kaleratze horiek erabateko zigorgabetasunez burutzen direlako. Izan ere, azaldu zuenez, bere sailak enpresetan gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako neurriak har daitezen bitartekotza lana egin arren, azkenean, halako kaleratzeak gertatzen dira, eta horien arrazoia sexu diskriminazioa dela ez da erregistratuta geratzen.
Nazioarteko topaketa hauen helburua Genero Berdintasunaren defendatzaileen ordezkari eta aditu europarrentzat eztabaidarako eta prestakuntzarako foroa izatea da, arduradunek azaldu dutenez. Besteak beste, soldata diskriminazioa, berdintasunean krisi ekonomikoak izan ditzakeen ondorioak edo emakumeek burujabetasun ekonomikoa lortzeko dituzten aukerak aztertuko dituzte.
Krisia, emakumeak zigortzen
Parte-hartzaileei dagokionez, besteak beste, UNIFEM erakundeko zuzendari Ines Alberdi, Norvegiako Berdintasunerako defendatzaile Mona Larsen-Asp eta Reykjavikeko unibertsitateko Katrin Olafsdotir eta Stockholmeko unibertsitateko Anita Nyberg irakasleak daude.
Egungo krisia bereziki emakumeak zigortzen ari dela adierazi zuen Errok. Hein horretan, munduko hainbat lekutako emakumek, baita Europar Batasunekoak ere, lanpostua galdu ostean prostituzioan jardutera behartuta ikusten dituzte beren buruak. Gainera, egoera ekonomikoa emakumezkoen salerosketa areagotzen ere laguntzen ari dela argitu zuen.
Berdintasunerako Defentsa Erakundeko ordezkariaren iritziz, topaketok informazioa biltzeko balio izango dute, hala, krisia aztertzen dutenek, arazoaren «ikuspegi maskulinoa» eskaintzen duten gizonezkoak direnak, «txanpon beraren beste aurpegia» kontuan hartzen has daitezen.