«Belagileen Trajeria», zorigaitzaren lekuko izan zen Senperen
1609an Lapurdiko sorginkeria epaiketen lekuko izan zen Senperen aurkeztuko dute gertaera horiek oinarri dituen «Belagileen Trajeria» pastorala. Irailaren 12an izango da, herriko kirol estadioan. Hala, Alozeko herritarrek beste behin ere aurtengo pastorala eskainiko dute.Idoia ERASO | SENPERE
«Urteurren garrantzitsua da Lapurdirentzat, eta jendeari duela lau mende hemen gertatu zenaren berri ematea inportantea da», adierazi zuen Senpereko auzapez Christine Bessonartek. Hori dela eta, aurtengo pastorala Lapurdiko herrira ekartzea deliberatu du Herriko Etxeak. Uztailaren 26an Zuberoako Aloze-Ziboze-Onizegaine herrian estreinatu zen pastorala Senperen aurkeztuko dute orain.
«Pastoralarekin jendeari sentiarazi nahi izan diot duela laurehun urteko historia gaurkoa ere badela. Irakurketa politikoa egin dut eta onartzen dut», esan zuen pastorala idatzi duen Ttittika Rekaltek. Horrela, lana idaztean geopolitikak, matxismoak eta kulturaren suntsiketak sorginkeria epaiketetan izan zuten garrantziaren berri eman nahi izan du. Zeresan ugari sortu du lanak, hain zuzen gaia jorratzeko era zuzenagatik.
Senperen eta oro har Lapurdin, urteurrenaren karietara, gertakariak hobeto ezagutarazteko hainbat ekimen burutu dituzte urte osoan. Nestor Basterretxeak egindako eskultura handi bat jarriko dute Senperen historiaren pasarte lazgarri hau oroitarazteko. Lau metroko altuerako eskultura handi bat aurreikusi zuten, baina behar besteko baliabide ekonomikorik ez dela-eta, tamaina txikitu daitekeela adierazi zuen herriko auzapezak. Basterretxeak doan emango du lana.
Beltzez margotutako gurutze bat izango du eskulturak barnealdean sua irudikatzen duten efektu batzuekin. Eskultura non jarriko den ez dute oraindik zehaztu. Hasieran batean Bessonartek herriko etxearen aitzinean jartzea onartu bazuen ere, eskulturaren tamaina eta sortzen dituen sentimendu bortitzak kontuan izanik, torturak eta atxiloketak gertatu ziren gaztelu ingurua izan liteke lanaren kokaleku.
«Jendeak pastorala liburuxkarik gabe ulertu ahal izatea lortu nahi izan dut. Halaber, beste idazle batzuek ez bezala, nik zuberera hutsean idatzi dut, batuari tarterik egin gabe», esan zuen Ttittika Rekaltek.
Lana berritzailetzat jo du askok, baina idazleak tradizioari eutsi dio: «Pastorala antzerki minimalista da, eta nik arauak segitu ditut». Aingeruak ez izatea edo Eliza «turkes»en artean izatea ditu berrikuntza lanak.