KRITIKA klasikoa
Euskal kostaldeko musikaldia
Maite IDIRIN
Hasteko, argitu dezagun astelehenean entzun genuen kontzertua duela bi urte bertan behera geratu zela Mariellek eskuko tendinitis bat zuela-eta. Kontzertua Ravelen Boleroa Hendaiako bi pianistek, moldaketa berri batean –bi piano, perkusioak eta txalapartak lagunduta– jotzeko egokitua izan zelako antolatu zen. Gorabehera horiek baldintzatuta, azkenik, Donostian estreinatu ondotik, Biarritzen entzun ahal izan genuen astelehenean.
Lehendabiziko zatian, Albenizen “Iberia” obratik zazpi atal jo zituzten Hendaiako bi ahizpek. Izan ere, aurtengo Euskal Kostaldeko Musikaldia bereziki Camprodonen (Girona) jaio eta Kanbon hil zen musika egilearen 100. urteurrena ospatzea du helburu. Osorik ezin eman eta, “Evocación”, “El puerto”, “El corpus”, “Triana”, “Polo”, “Malaga” eta “Albaicin” lanak hautatu zituzten eta Albert Amargosek bi pianorako egindako moldaketa bikainean eman zizkiguten. Elkar ondo ezagutzen dute eta bien arteko konplizitatea nabaria da. Interpretazio original bezain adoretsua eskaini ziguten.
Bigarren zatian, Paco de Luciaren “Canción de amor” eta Enrique Granadosen “La maja y el ruiseñor” eskaini zizkiguten aurrena, beti ere Albert Amargosen moldaketekin, eta ikusleek gogoz txalotu zituzten. Azkenik, emanaldia biribiltzeko, Ravelen “Boleroa” jo zuten. Horretarako, Thierry Biscarry, Paxkal Indo eta Frederic Chambonen laguntza izan zuten. Txalaparta, Zuberoko tuntuna, atabala, bi danbor handi eta beste hainbat ezohiko perkusio tresna erabili zituzten azken hauek. Pianoak hasi ziren apal-apal, Ravelen partiturak agintzen duen bezala. Orkestra egin ohi duen lanari ekin zioten gainerakoek atzetik; Frederic Chambonek atabalarekin eta Paxkal Indok Zuberoko tuntunarekin erritmoa gordetzen zuten bitartean, Thierry Biscarryk, emeki, musika crescendo zatira hurbildu heinean, eskuen laguntzaz askotariko doinuak egiten zituen: hatzekin klaskatuz, eskuak igurtziz, eskuekin bularrean zapladak emanez, eta Behe Nafarroan dantzariek erabili ohi dituzten zintzarri ikusgarri batzuekin kolorez betetako irudi musikalak, hain zuzen. Eta crescendoa erdi mailatik gora igo zenean txalaparta sartu zuten, amaierara arteko adierazpidearen indarra eta jokoa aberastuz. Txalo zaparrada izan zen musikariek lana amaitu orduko. Musikariei berriz taularatzeko publikoak egindako eskariari erantzunez, Katiak eta Mariellek keinu polita izan zuten eta Thierry eta Paxkali luzamenean nabarmentzeko parada eskaini zieten. Biek ala biek publikoa euren jokoan sartzea lortu zuten. Bi nota harmoniko kantatuaraziz, beraiek Etxehun-Irurikoaren “De-Tréville” pastoraletik harturiko “Azken hitzak” kantu ederra ematen zutelarik. Azkenean, bada, euskarak ere izan zuen tartetxoa kontzertuan.