Lander Garro idazlea
Lagun baten promesa
Duela hainbat egun Gipuzkoako egunkari batek Mikel Astarlozari egindako kontraanalisiaren ustezko emaitza argitaratu zuen: berriz positibo. Geroago jakin genuen ez taldeak ez txirrindulariak ez zutela emaitzaren berri. Inor ez zen harritu, noski. Gauzak horrela egiten dira orain, manera ustel horiekin. Burokraziak agintzen du. Ez txirrindularitzan bakarrik. Duela hainbat aste Espainiako “alkandora urdinen” presidente Raxoik salatu zuen ekintza polizialak nola egiten diren, eta asko daki horretaz: errugabetasuna bortxatzen dela, atxiloketak filmatzen direla, izenak betiko susmopean jartzen direla. Zuzenbidearen ekinbideak ikuskizun bilakatzen direla, hain justu, zuzenbidearen ekinbideok zuzenbidearen kontrako bilakatuz. Paradoxa? Ez, burokrazia.
Horra, agintea kalean ez, gorbatadunen bulegoetan dagoenean zer gertatzen den. Berdin dio nork eta nola sufritzen duen. Depredadoreak dira burokratak: bileratxo bat, kalkulu bat, eta telefono kolpe bat: nahikoa da hori burokraziak aukeratutakoaren bizitza hankaz gora jartzeko.
Astarlozak begietara begiratuz esan zidan berak ez zuela inoiz EPOrik hartu. Pozik zirudien ikusi nuenean. Lasai. Egiatan zebilen, eta egiatan dabilenak halako patxada du beti. Alde batean, beraz, lagunaren promesa nuen, eta, beste aldean, burokraten hitzak. Astarloza aukeratu zuten, eta zaila da zergatia asmatzea. Zinez dopinaren kontra dabiltzala sinetsarazteko, ziur asko. Jendeak telebista aurrean pentsa dezan: niri ez zait sekula gertatuko. Azaleko minbizia bezala, urrutiko lurrikara exotikoak bezala. Pobreei gertatzen zaizkie horiek, eta “tranposoei”. Salbu gaude. Baina egun batean zuri gertatu, eta orduan beste norbaitek ikusten du, eta gauza bera pentsatzen: niri ez zait gertatuko. Baina gerta dakizuke, bai burokraziak agintzen segitzen duen bitartean. Horregatik sinesten dut lagunak esandakoa. Horregatik sinesten dizut.