GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Benvinguts !!!

Amets TXURRUKA | Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Zauri eta beltzunez apaindutako suge koloretsua gose zen Lieja-ko aireportuan. Etaparen ondoren, masajistek mimoz prestatutako ogitartekoak txirrindularion sabeletan baziren ere, antzematen zen pa amb toumàquet (herri hizkeran, pantumaka) eder bat jateko gogoa; bueno, egia esanda, jateko gogoa baino handiagoa zen garagardo eta txokolatearen herrialdea utzi eta pa amb toumàquetaren herrian lurra hartzeko grina. Izan ere, Holanda eta Belgikako etapa hauek xarma berezia izan arren, oso arriskutsuak izan dira eta erorketek eta tentsioak faktura pasatu dute.

Sarritan gertatu zait, ihes eginda ibili eta azken kilometroetan pelotoiak harrapatu izana; baina oraingoan pelotoiak ez, beldurrak harrapatu nau! Lauzpabost aste pasa dira hezurrekin Frantziako asfaltoa muxukatu eta Tourra utzi behar izan nuenetik eta oraindik beldurra nabari dut gorputzean, harrapatu egin nau, baina zer egingo diogu, ba? Xabi Zandiok etapa batean esan zidan bezala: «Ez daukat batere gogorik orain lurrera joateko ba!». Ikusgarria Liejako etapako azken erorikoa, e? Gogorik izan edo ez, denak hankaz gora, domino fitxak legez!

Betidanik izan naiz «Marino zalea», eta egunotan tropelean haren ohiko postua hartuta ibili naiz sarritan, pelotoia itxiz, suge koloretsuaren isatsean. Inguru horretan joaten da David Moncutie frantziarra ere, ibilbidea maldan gora jarri bitartean, noski! Gustura hartuko nuke errepidea gorantz hasten denean bi fenomeno hauetako edozeinek egindakoaren erdia egiteko gai izatea!!

Behin Tarragonara iritsita, atseden eguna du sugetxo kolorinak. Alderdi teknikoak eta antolakuntzako kontuak dira halako atseden goiztiarraren zergatia, baina nekea sumatzen hasiak garen txirrindulariok eskertuko dugu. Ez dira esfortzu egun asko izan, baina gorputzari antzematen diogu jadanik. Sinestezina dirudien arren, metabolismoa azeleratuta daukagulako edo...depilatutako hankatxoetako ile, behatzetako azazkal, ile eta bizarra (nire kasuan ez larregi ere baina...) askoz azkarrago hazten dira, exageratua benetan zelako abiadura!

Atseden egun hau aprobetxatu dugu, bizar eta azazkalak moztu, txukun jarri eta pare bat orduko entrenamendu lasaia egin ostean, mahaian bazkaldu, eta lo kuluxka eginez indarrak berreskuratzeko.

Esan bezala, Tarragona aldean dago sugetxoa atseden hartzen. Bueno, sugea diot baina agian hobeto litzateke artalde gisara izendatzea gure tropeltxo hau. Izan ere, orain arte denok elkarrekin artaldean ibili bagara ere, ardi larruz kamuflatutako otso ugari dagoen susmoa dut. Edonola ere Vuelta sartu da Kataluniako epeletara eta ez da denbora asko igaroko ardi larruak traba egin eta otsoak agerira irteten hasterako. Etapa beroak gainean dira eta laster jakingo dugu artaldetik atera eta erasorako dauden otsoak nortzuk diren!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo