GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langabeziak gora egitea ez da inoren errua, antza

Langabeziak hiru milatik gora langile gehiago bereganatu zituen abuztuan Hego Euskal Herrian, nahiz eta Nafarroan apur bat behera egin zuen. Hartara, dagoeneko 157.709 langabe daude guztira lau herrialdeetan. Sektorez sektore, zerbitzuek nabaritu dute gehien langabezia tasaren igoera, baina gainerakoetan ere nabarmena izan da. Ohikoa denez, ekonomia arduradunek azken datu horien inguruko azalpenak eman zituzten. Izan ere, denak du bere azalpena; alabaina, argudioak aldatu egiten dira datuen arabera. Esate baterako, aurreko hilabeteetan langabezia tasaren emendatze etengabea moteldu zenean, denboraldiari dagokion ohiko joeraren ordez, administrazioen politiken eraginkortasuna izan zen datu «on» -edo ez horren txar- horien kausa, hau da, ekonomia arduradunek gauzak behar bezala egin izanaren ondorio. Atzo, ordea, enplegu politiken arduradunek esan zutenaren arabera, langabeziak gora egin izanaren kausa ez da politika horien eraginkortasunik eza, baizik eta denboraldiko kontratuen amaiera, turismoaren beherakada... egoeran egoerako kontuak direla alegia, eta normaltzat jo behar direla. Nolanahi ere, arrazoi horiek krisialdi ekonomikoaren sorreran erantzukizunik izan gabe haren gordintasuna jasan behar duenarentzat ez dira arrazoi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo