GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Sailkapen estropada

Olatu arteko trebezia erabakigarria izango da Kontxako kanporaketan

Castro, San Pedro, Orio, Hondarribia, Pedreña, Kaiku eta Astillero dira faboritoak itsasoaren egoerak baldintzatuko duen erlojupekoan.

p036_f01_333x333.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Gaur arratsaldean jakingo dugu zein izango diren Donostiarekin batera datozen bi igandeetan Kontxan arraun egingo duten gizonezkoen zazpi traineruak. Urteroko sailkapen estropada 18.00etan hasiko da eta guztira 24 ontzik parte hartuko dute, bi multzotan banatuta. Proba amaitu bezain laster, ohitura denez, lehen jardunaldiko txanda zozketa ere egingo dute.

A multzoan Castro, San Pedro, Orio, Hondarribia, Zarautz, Pedreña, Kaiku, Urdaibai, Tiran, Zumaia, Astillero eta Pasai Donibane daude; B multzoan Arkote, Trintxerpe, Cabo da Cruz, Perillo, Camargo, Hibaika, Isuntza, Nautico de Vigo, Luanco, Zierbena eta Deustu.

Izan ere, azken orduko aldaketa bat izan da zerrenda horretan. Arraunlarien lan konpromisoak tarteko, Meirak uko egin dio Donostian izateari eta, haien ordez, Deustuko «Tomatera» sartuko da, Kontxaren historian parte hartuko duen lehen talde bilbotarra. Sari bikaina izango da sekulako urtea sinatu duten deustuarrentzat: ia 30 urteko historian lehen bandera irabazi dute, guztira zortzi garaipen lortu dituzte eta, KAE-2 Ligako irabazleak izan direnez, datorren urtean KAE-1 Ligan egingo dute arraun.

Multzoen zein traineruen irteera ordena erabakitzeko zozketa 12.00etan egingo dute Donostiako Udalean. A multzoa baldin bada lanean hasten lehena, B multzokoak minutu bat beranduago irtengo dira. Alderantziz izanez gero, bi minutuko tartea utziko da B multzoko azken trainerua eta A multzoko aurrenekoaren artean.

Itsasoari begira

Eta Kontxaz hitz egiten dugun bakoitzean bezala, itsasoa aipatu beharra dago nahitaez. Kasu honetan, gainera, arrazoi gehiagorekin, iragarpenek hondoko itsasoa eta 2-3 metroko olatuak aurreikusi dituztelako. Traineruek izan dute azken bi asteetan itsaso mugituarekin entrenatzeko eta estropadak jokatzeko aukera, eta horrek ez luke arazo izan behar Kontxan sartzeko faborito nagusientzat, baina egoera nahasian beti izaten da ezustekoak gertatzeko aukera askoz gehiago, eta bigarren maila batean dauden taldeek hori baliatu nahiko dute.

Kiniela eta pronostiko gehienetan Castro, San Pedro, Orio, Hondarribia, Pedreña, Kaiku eta Astillero dira Kontxan sartzeko faborito nagusiak. Aurreneko bostek TKE Ligako indartsuenak direla erakutsi dute; Sestaokoak arraunlari propioen kuporik gabeko estropadetan maila bikainean aritu dira; eta Astillero aise nagusitu da KAE-1 Ligan, maila horretan halabeharrez dagoela erakutsita.

Baina asko dira zazpi horien akatsak baliatu eta txartel bat eskuratzen saiatuko direnak. Batzuk nabarmentzekotan, TKE Ligako Urdaibai, Zarautz eta Tiran -galiziarrak larunbatetik Orion daude kontzentratuta- eta KAE Ligako Pasai Donibane -sasoi onean iritsi dira denboraldi amaierara- aipatu behar dira. Galiziako ligan puntan ibili diren Cabo eta Vigo ere ez lirateke erabat baztertu behar.

Hori guztia, zaleen ikuspegitik begiratuta, urteko hitzordurik politena izaten den horretan. 1972an aurreneko aldiz sailkapen estropada jokatu zenetik -Hondarribian izaten zen orduan-, horixe izaten da urte osoan emoziorik gehien izaten duen estropada eta, batez ere, leku berean traineru ezberdin gehien biltzen dituena. Aurtengo ekitaldiari dagokionez, adibidez, Donostiako portuan zortzi traineru gipuzkoar, zazpi bizkaitar, lau kantabriar, lau galiziar eta asturiar bat bilduko dira.

Gaurko itsasoarekin horiek hobetzea oso zaila izango den arren, gogoratu beharra dago Kontxako errekorra 18:59.94an dagoela (Castro, 2006) eta sailkapen estropadakoa 19:04.64an (Urdaibai, 2004).

DEUSTU

Arraunlarien lan egoerak behartuta, Meirak uko egin dio gaur Donostian izateari. Haien ordez Deustuko «Tomatera» irtengo da uretara, Kontxaren historian parte hartuko duen lehen talde bilbotarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo