ERREMONTEA Casino Kursaal Torneoko finalerako material aukeraketa
Saririk potoloena emateko biraka dabil jada erruleta
Aurtengo Buruz Buruko txapela irabazteko lehiatuko dira Urrutia eta Zeberio II.a larunbatean, Galarretan.
Imanol CARRILLO | HERNANI
Irudi polita eskaini ziguten Casino Kursaal Torneoaren aurkezpenean txapelketan parte hartu behar zuten erremontistek. Dirua jokatzen den erruleta baten ondoan ageri ziren kirolariak, eurengatik apustu egingo balute bezala. Protagonista horietatik jada bi baino ez dira, ordea, aukera dutenak erruleta horrek emango duen sari potoloa lortzeko: aurtengo txapela.
Finala jokatzea merezi duten bi erremontista horiek Urrutia eta Zeberio II.a dira. Atzo goizean Hernaniko Galarreta pilotalekuan bildu ziren larunbateko finalean erabiliko dituzten pilotak aukeratzeko.
Urrutiak -gorriz jantziko denak- iazko torneoa irabazi zuen, eta bera aterako da faborito larunbatean. Hala ere, horregatik eta egungo txapeldunaren kamiseta gorria eramateagatik ez duela zamarik nabaritzen adierazi zuen Saldiasekoak: «Egia esateko, ilusioa ematen dit gorriz janzteak. Horrelako txapelketa batean faborito aterako naiz, eta niretzat pribilegio bat da. Hurrengo urtean berriro ere gorria izaten saiatuko naiz».
Zeberio II.ak, aldiz, 2006an eta 2007an lortu zuen torneoa irabaztea. Hirugarren txapela lortzea «ohore bat» izango litzatekeela azpimarratu zuen. Gainera, Elduaingo festak direla-eta -bere herria-, garaipena lortzea «askoz politagoa» izango litzatekeela gaineratu zuen.
Neurketari dagokionez, oso partida lehiakorra eta gogorra izango dela uste dute bi erremontistek, azkenaldian euren arteko norgehiagokak nolakoak izan diren ikusita. «Elkarren kontra jokatu ditugun azken partidak oso piloteatuak eta estuak izan dira markagailuari dagokionez, eta indarrak oso banatuta daudela uste dut. Gutako norbait urduritasun ugarirekin edo gaizki ez datorren bitartean, partida oso lehiakorra izango delakoan nago», aurreratu zuen Patxi Zeberiok.
Irabazteko gakoak
Badirudi fisikoa eta materiala ez direla oztopo izango larunbatean. Bi erremontistak gustura gelditu ziren bakoitzak aukeratutako lau pilotekin.
«Pilota biziak, botekoak, hartzen saiatu naiz Patxi aurreko koadroetatik ateratzeko, bere lekutik ateratzeko eta errebotean harrapatzeko», azaldu zuen Urrutiak. Zeberio II.ak, aldiz, pilota motelagoak eta pisu gehiagokoak aukeratu zituen «gutxiago pisatzen badute airetik asko doazelako eta zailagoa delako botean harrapatzea».
Hala, final honetan sakea erabakigarria izan daitekeelakoan daude biak. Urrutia atzelaria eta Zeberio II.a aurrelaria direla ikusita, hasierako ekintza honek tanto ugari sor ditzake, eta arma hori, final batean, kasinoko komodina bihur daiteke.