GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Konparazio iraingarririk gabe

Lehengo egunean Villalvako (Lugo) jaien hasieran pregoilariak, Antonio Dominguez Olano kazetariak, Franco «txit jenerala» izan zuen gogoan, lekuko hedabideek Manuel Fraga herriko semeari egin zizkion goraipamenen berri baino eman ez bazuten ere; haien berri eman eta eurenak egin ere bai. Lasai, gizon-emakumeok, Fraga goraipatzea zilegi bada, halaxe baita Franco gorestea ere. Eta ez, nik ez dut horrelako jokaerak zigor ditzaten eskatu nahi, ezta debeka ditzaten ere. Are gutxiago, faxismoak bere modu guztietan hildakoen eta zigortutakoen gorazarreekin konparatu nahi. Iraingarria, eta barregarria, bailitzateke Franco eta Argala konparatzea, Manuel Fraga eta Kontsuelo Agirrebarrena konparatzea bezala.

Horrek ez du kentzen azkenaldi honetako errepresio zurrunbiloak iritsi duen puntuari absurdua, eroen kontua, pentsaezina eta izenondo ugari gehiago jarri ahal izatea. Maite Aranalde preso ohiaren kasua lagin bat baino ez da, baina argigarria. Estatu frantseseko kartzelatik irten eta Auzitegi Nazional espainoleko epaileak kartzelatzeko oinarririk ez zuenez, aske utzi zuen fidantzapean. Hala ere, hedabide espainiarrek, eskuinekoek eta besteek, eskuinagokoek, bazekiten «etarra arriskutsua» zela. Horrenbestez, hura besarkatzea (gutxi gorabehera Villalvan «txit jenerala» goresten zuten bitartean) terrorismoa gorestea baino ezin izan. Berandu gabe (eurentzat beranduegi, ordea) absurdu errepresiboaren eskribauak Aranalde atxilotzeko agindua eman eta, topatu ez zutenez, hark ihes egin izanaren errudunak topatzeari ekin zioten. Frantsesek, ia ingelesak bezain doilorrak, ez zuten luzaro giltzapean sartzeko papera bidali, baina oraingoz Sarkozy edo Carla Bruniri «pakete» on bat sartzerik ez dagoenez, epaile baten lepoa eskatu dute, eta ez litzateke harritzekoa lortuko balute.

Gogoetatxo bat: Auzitegi Nazionaleko epaile izatea munduko gauzarik errazena da. Ez da ezer erabaki behar: barrura. Baina zeuk erabakitzen baduzu, «pakete» bat sartuko dizute, Antonio Basagoitik atzo eskatu zuen moduan. Don Manuelen eta «txit jeneralaren» garaian ez zen horrelakorik gertatzen, Antonio, zu gazteegia bazinen ere «lasaitasun aparta» hartaz ohartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo