Wimax antena ezartzeko lanak eragotzi dituzte Mehaineko herritarrek
GARA
Mehaineko herritarrak kalera irten ziren uhin magnetikoen antenaren instalazioa eragozteko. Arratsaldeko lehen orduan, antenaren zati batzuk zekartzaten hiru kamioi herrira iritsi zirenean, herritarrak euren kexa agertu zuten horien aurrean, eta langileek berriz ere materialak kamioian sartu eta alde egin zuten ingurutik.
Mehaineko Herriko Etxeak wimax antena instalatzeko asmoa azaldu bezain laster herritarrak proiektuaren kontrako borrokari heldu zioten buru-belarri. Sinadurak biltzeko kanpaina abian jarri zuten, «kalte handiko eta eraginkortasun gutxiko» tresna zela salatuz.
Kanpaina horri esker, herriko 65 familiako kideren sinadurak lortu zituen Wimax antenaren kontrako taldeak, hau da, herrian bizi diren familietatik %75ek antenaren instalazioa baztertzeko eskaerarekin bat egin zuen. Era berean, herriko auzapezak herritarrei informazio urri eman izana eta bildutako sinadurak kontuan hartu ez izana ere salatu dute Mehaineko herritarrek.
Zuhurtziaren printzipioa (principe de précaution) errespetatzea aldarrikatzen dute Mehaineko kolektiboko kideek, eta Amikuzeko eskualdean izan diren kasuak kontuan hartzeko eskatu dute. Izan ere, wimax antenak instalatu dituzte eta hainbat arazo eragin dituzte antenok.