GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Donostiako Zinemaldia

Euskal zinemak, estreinakoz, bere saila izango du Zinemaldian

Euskal zinemari egun bakarra eskaintzetik sail oso bat sortzera igaro da Zinemaldia. Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama izango da aurrerantzean euskal ekoizpenen ataria, eta Imanol Uribe, izen bera daraman sariaren hartzailea.

p004_f01_234x144.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Orain urte batzuk euskal zinemari egun bateko tartea eskaintzen zitzaion Zinemaldiko egunetan, baina jaialdiaren egitarau ofizialetik kanpo. Azken edizioetan, Zinemaldiaren parte izatea lortu zuen eta, aurten, are barneratuago ikusi ahal izango da haren presentzia. Aldaketa eta helburu berriekin aurkeztu zuten atzo Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak eta Mikel Olaciregui Zinemaldiko zuzendariak euskal zinemari eskainitako toki berria. Aurrerantzean, Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama izango da euskal ekoizpenen atari nagusia, eta gainera, horiek gainontzeko sailetan erakusten diren filmen isla berbera izango dutela ziurtatu zuten.

Aurtengo edizioan bederatzi izango dira erakutsiko dituzten filmak, haietatik sei estreinaldiak izango direlarik. Olacireguiren arabera, bi helburu zehatzekin sortu da sail berri hori; batetik, euskal zinemaren normalkuntza ekartzeko eta, bestetik, sortzaileen artean «lehiakortasuna» eragiteko. Beraren iritziz, aldaketa horrek alde on eta txarrak ditu. «Positiboa da oso euskal zinemari eskainitako sail bat izatea eta Zinemaldiak irauten duen egun guztietan bertan ekoiztu diren filmez gozatu ahal izatea. Beste aldetik, esan beharra dago, ordea, soilik bederatzi filmek parte hartuko dutela sail honetan, eta beste asko kanpoan geratu direla». Izan ere, jaialdiaren antolatzaileek 30 pelikula inguru aztertu dituzte aukeraketa egin aurretik. Horrela, aurreko urteetan egiten zen Euskal Zinemaren Egunean bertako ekoizpen guztiak eskaintzen bazituzten ere, aurrerantzean onenentzat hautatuek soilik izango dute jendaurrean ikusgai izateko aukera.

Aurtengo estreinaldien artean aurkitzen dira «Lainoak margotzeko makina» (Patxo Telleria eta Aitor Mazo), «Itsasoaren alaba» (Josu Martinez), «Zinema eta bizitza» (Arkaitz Basterra), «Rough Winds» (Andrea Olabarria), «Umurage» (Gorka Gamarra Gaztañaga) eta «Zuzendu, mesedez!» (Juan Miguel Gutierrez). Dagoeneko estreinatu direnak, berriz, Berlingo zinemaldian saritutako «Ander» (Roberto Caston), Fermin Muguruzak eta Javier Corcuerak Palestina, Israel eta Zisjordaniako lurretan filmatutako «Checkpoint Rock» dokumentala, eta Aizpea Goenagak zuzendutako «Sukalde kontuak» komedia. Zinemaldian estreinatuko direnak hiru aldiz emango dira eta, dagoeneko areto komertzialetan estreinatu direnak, bi aldiz.

Film luzeez gain, Euskal Filmategiak kudeatutako Kimuak zikloko laburrak ikusi ahal izango dira, besteak beste, «5 recuerdos» (Oriana Alcaine, Alejandra Martinez), «Ahate pasa» (Koldo Almandoz), «Amona putz!» (Telmo Esnal), «Dirty Martini» (Iban del Campo), «El nunca lo haría» (Anartz Zuazua), «Los que lloran solos» (David Gonzalez), «Marisa» (Nacho Vigalondo) eta «La presa» (Jorge Rivero).

Euskal Zinemaren gala

Zinemaldiak irauten duen egunetan (irailaren 18tik 26ra) izango den eskaintzaz gain eta Euskal Zinemaren Egunaren ideiari jarraiki, Euskal Zinemaren gala ere egingo dute, Victoria Eugenia antzokian. Bi protagonista nagusi izango ditu ekitaldiak; batetik, «Lainoak margotzeko makina» filmaren emanaldiak eta, bestetik, lehenengo Zinemira sariaren banaketak. Aitzineko sariduna Imanol Uribe zuzendaria izango da, eta bere lan ibilbidea goratuko dute galan. Olacireguik azaldu zuenez, sari hori nori eman Zinemaldiko antolatzaileen eta laguntzaileen artean erabakitzen dute, eta zineman garrantzia izan duten artisten ibilbidea nabarmentzen du.

Imanol Uribe (San Salvador, 1950), nahiz eta Euskal Herritik kanpo jaiotakoa izan, euskal ekoizpenean «berebiziko garrantzia» duen profesionala dela nabarmendu zuen jaialdiko zuzendariak. «El proceso de Burgos» (1979), «La fuga de Segovia» (1981) eta «La muerte de Mikel» (1984), egoera politikoari lotutako lanak izan dira Uriberen ibilbidean itzal gehien lortu dutenak. Haien atzetik, beste genero batzuk landu ditu «Adios pequeña» (1986), «El rey pasmado» (1991) -biekin Urrezko Maskorra irabazi zuen-, «Días contados» (1994) eta «Bwana» (1996) izeneko filmekin.

Blanca Urgellek, bestalde, Lakuako Gobernuak datorren urtean gidoigintzan eta bikoizketa lanetarako dirulaguntzak areagotuko dituela iragarri zuen. Gidoigintzan bikoiztu egingo dituzte laguntzak, eta DVDen bikoizketari dagokionez, orain arte zortzi lan babesten bazituzten, aurrerantzean hogei egitasmo ingururi eskainiko dizkie dirulaguntzak.

Fitxa

Izenburua: `Zinema eta bizitza'.

Zuzendaritza eta gidoia: Arkaitz Basterra.

Aktoreak: Vojtech Jasny.

Musika: A. Blasco, B. Mendizabal.

Herrialdea: Euskal Herria - Txekiar Errepublika, 2009.

Iraupena: 79 min.

Generoa: Dokumentala.

Fitxa

Izenburua: `Itsasoaren alaba'.

Zuzendaritza eta gidoia: Josu Martínez.

Musika: Benito Lertxundi.

Muntaketa: Txaber Larreategi.

Argazkigintza: Hibai Castro.

Herrialdea: Euskal Herria, 2008.

Iraupena: 52 min.

Generoa: Dokumentala.

Fitxa

Izenburua: `Lainoak margotzeko makina'.

Zuzendaritza eta gidoia: Patxo Telleria, Aitor Mazo.

Aktoreak: Aitor Mazo, Gracia Olayo, Bingen Elortza, Lander Otaola, Santi Ugalde.

Herrialdea: Euskal Herria, 2008.

Iraupena: 102 min.

Fitxa

Izenburua: `Rough winds'.

Zuzendaritza: Andrea Olabarria.

Gidoia: A. Olabarria, Doug Klozzner.

Aktoreak: Danna Maret, John Iovino, Jessica Brydon, Albert Campillo.

Herrialdea: AEB, 2009.

Iraupena: 100 min.

Generoa: Drama.

Fitxa

Izenburua: `Umurage'.

Zuzendaritza: Gorka Gamarra Gaztañaga.

Gidoia: Gorka Gamarra, Sonia Rolley, Jean Marie Mbarushimana, Puri Ramírez.

Herrialdea: Euskal Herria.

Iraupena: 52 min.

Generoa: Dokumentala.

Fitxa

Izenburua: `Ander'.

Zuzendaritza eta gidoia: Roberto Castón.

Aktoreak: Josean Bengoetxea, Cristian Esquivel, Mamen Rivera, Pilar Rodriguez, Leire Ucha.

Herrialdea:

Euskal Herria, 2008.

Iraupena: 128 min.

Fitxa

Izenburua: `Checkpoint Rock'.

Zuzendaritza eta gidoia: Fermin Muguruza, Javier Corcuera.

Argazkigintza: Jordi Abusada.

Muntaketa: Martin Eller eta The Galactic Shrimp.

Herrialdea: Euskal Herria, 2008.

Iraupena: 70 min.

Generoa: Dokumentala.

Fitxa

Izenburua:

`Zuzendu, mesedez! / ¡Enfoquen, por favor!'.

Zuzendaritza:

Juan Miguel Gutierrez.

Herrialdea:

Euskal Herria.

Iraupena:

68 min.

Fitxa

Izenburua: `Sukalde kontuak'.

Zuzendaritza eta gidoia: Aizpea Goenaga.

Aktoreak: Isidoro Fernandez, Barbara Goenaga, Mikel Losada, Aitziber Garmendia, Galder Perez.

Herrialdea: Euskal Herria, 2009.

Iraupena: 89 min.

Generoa: Komedia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo