GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Donostiako Zinemaldia

«Filmaren gidoia eta zuzentzeko lana erarik naturalenean egin ditugu»

p004_f02_67x44.jpg

 
Patxo Telleria
Aktorea eta zuzendaria

Urte askoren buruan antzerkian eta telesailetan buru-belarri aritu da lanean, beti kameraren aurrean. Orain, lehenengoz, zuzendari eta gidoilari lanetan aritu da Aitor Mazorekin batera, eta «Lainoak margotzeko makina» izan da bien elkarlaneko fruitua.

Zuen lehenengo lana da kameraren atzean film bat zuzentzen, zer moduzko esperientzia izan da?

Gure lehenengo lana da bai zuzentze lanetan, baita gidoigile moduan ere. Aitorrek eta biok elkarlanean sortu genuen filmeko gidoia eta, ondoren, zuzentzeko lanetan aritzeko aukera izan genuen. Guztia era naturalean sortu da, gauza batek bestea ekarri du.

Estreinako lan honetan frankismo amaierako egoera, Bilboko industrializazioa, artea eta sorkuntza... elementu ugari uztartzen dira.

Bai, hala da. Bilboko industriagunean kokatzen da istorioa eta galdategi bateko langile batzuek artearen sorkuntzan eta margotze lanetan egiten dutenaren inguruan eratuz doa istorioa. Baina, horren atzean, garai hartako egoera gogorra eta horri aurre egiteko aukerak erakutsi nahi izan ditugu, hau da, zailtasunei aurre egiteko gaitasuna azaleratu dugu. 

Gustura zaudete lortutako emaitzarekin?

Bai, gustura, esan bezala, erarik naturalenean egindako lana da eta. Nolanahi ere, ikusleek izan beharko dute guk egindakoa aztertu eta epaituko dutenak.  

Aurtengoan Euskal Zinemaren Egunak aldaketa ugari izango ditu eta egun bakar bat eskaintzetik, Zinemaldiak sail oso bat emango dio. Lehen ekoizpen guztiak eskaintzen baziren, aurrerantzean filmen aukeraketa bat izango da. Neurri berri horrek polemikarik sor dezakeela uste al duzu?

Ez dakit neurri horrek zein eragin izango duen. Ni antzerkiaren eta telebistaren mundutik nator eta ezer gutxi esan dezaket horren inguruan. Dakidana da oso garrantzitsua dela euskal zinemari tarte berezi bat eskaintzea eta dagokion isla ematea.

Zuen filmak leku berezia izango du Euskal Zinemaren galan. Zer espero duzue?

Uste dut jendeak gustura ikusiko duen lana dela. Guk orain hilabete batzuk amaitu genuen lana, eta gure helburuak eta aurreikuspenak sortu ditugu. Nire iritziz aurreikuspen horiek bete egingo dira baina, lehen esan bezala, azkenean ikusleek izango dute azken hitza.

Euskal zinema orokorrean osasuntsu dagoela uste al duzu?

Nik uste dut ezetz, gauza asko dagoela egiteko oraindik, nahiz eta urtetik urtera gero eta aurrerapauso gehiago ematen diren.A. K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo