«Gure musika dastatzeko toki onenak zulo txiki, ilun eta izerditsuak dira»
Vice presidentes taldeko abeslari eta gitarrista
Gutxi izango dira Euskal Herrian, azken urte hauetan, «Kanda»-k bezainbeste kontzertu eskaini dituztenak. Rock musikaren pozoia odolean sartuta, ehunka dira zapaldu dituen agertokiak. Neubat taldearekin hasi eta Sorkunen alboan gero, Vice Presidentes du orain bere taldea.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Euskal Herriko musika mugimenduan eszena ugari badira, komunikabide, irrati, prentsa edota telebistan agertu ohi diren musika taldeez gain. Vice Presidentes taldea, undergraund mugimenduaren alderik undergraundenean kokatzen da, musika proposamen arriskutsu eta zaratatsua jorratuz. Kalean da dagoeneko taldearen azken lana, «Bloodola» (Matasellos diskoetxea), 7 hatz-markako binilo gorria, eta Interneten doan eskura daitekeena www.myspace.com /vicepresidentes gunean. Grindcore azkarra, muturreko metala, rock iluna, arratoi ahotsa edota infernuko erritmoak uztartzen dituzte sei kantuz osaturiko lan txikian. Urritik aurrera hasiko dira «lehendakariordeak» diskoa zuzenean aurkezten.
«Bloodola» diskoa da taldearen estudioko azken emaitza. Honakoan, taldekide bat izan da soinu teknikari lanak egin dituena. Lortu beharreko soinua behintzat argi izango zuen.
Grabaketa bati ekin aurretik duzun ideia eta azkenean ateratzen dena askotan ezberdina izan ohi da, baina gure kasuan pozik geratu gara emaitzarekin. Sei kantuen grabaketa eta ondorengo nahasketa Dorburen esku egon da, eta horretarako Gasteizko Cue Audio estudioen laguntza izan dugu diskoaren «masterra» modurik onenean amaitzeko.
Diskoak hor dira, eta beren garrantzia ere badute... Alta, zuen tankerako talde batentzat zuzeneko emanaldiak izango dira lehentasuna.
Argi dago. Mugitzen gaituena zuzenean jotzea da, eta taldea bizirik mantentzen duena errepidean jo eta su ibiltzea da. Baina zuzeneko horiek fresko mantentzeko kantu berriak sortu behar dira ezinbestean. Eta noski, lan hori disko formatu batean argitaratzeak ere zirrara sortzen du. Zuzenekoan nahiz estudioan lan egiteak zirraragarria izan behar du sortzeko grina mantendu ahal izateko.
Neubat eta Sorkunen alboan kontzertu jendetsuak bizi izan dituzue, milaka watt eta argi joko ikusgarriekin sarri. Vice Presidentes taldearekin ordea, zulo txikiak eta ilunak nagusitzen dira.
Egia da askotan hobeto sentitzen garela leku txiki, ilun eta izerditsu batean, baina edozein lekutan jotzeko prest gaude. Gure musika dastatzeko girorik egokiena hori dela uste dut. Hala ere, ez dugu estadioetan jotzeko aukera baztertzen.
Sorkuntza maila handia duzue taldean: 2005ko maketa, bi urte geroago «Basque Street Boys» lana, Sorkunekin eginiko diskoa eta sei kantuz osaturiko EP txikia hau...
Sorkuntza alorrean beti ibili gara nahiko ondo. Beti izan dugu kantu berriak egiteko gaitasuna, eta horiek kaleratzeko gura. Ez dakigu noiz agortuko zaigun iturria, beraz, ura ateratzen den bitartean aprobetxatu behar.
Diskoari dagokionez, sei kanta kaleratu dituzue. Horien artean, Mike Oldfield musikari ezagunaren «Tubular Bells» kantaren moldaketa. Askotan bertsioak amu gisa erabiltzen dira entzuleak erakartzeko, eta taldeen benetako kantuak bigarren mailan geratzen dira.
Gure asmoa Oldfield-en arreta deitzea izan da, baina oraingoz ez dugu bere berririk jaso! «Jugular Bells», berezko kantuaren alboan oso moldatua dagoela aipatu behar dugu, eta horrela, gure abesti peto-peto bihurtu dugu. Gainerako abestiak bigarren maila batean geratzen badira, besteak baino hobeto geratu zaigulako izango da. Nik behintzat izugarri gogoko dut!
Musika industriak gero eta abiadura handiagoa duen honetan, Mp3, Mp4 eta beste formatuak tarteko, atzera salto egin eta biniloan atera duzue lana.
Ni neu oso zalea naiz eta azken bolada honetan sumatu dut biniloaren nolabaiteko «berragerpen» bat. Azken urteotan, formatu digitalek musikari balioa kendu diote, eta nolabait hazkunde honek bakoitza bere lekuan jartzen du. Azken batean, musikaz gain, artelan txiki baten itxura hartzen du berriz ere diskoak. Onerako edo txarrerako, salmentak inoiz ez dira arazo handia izan taldearentzat.
Zuen musika era jorratzen duten taldeak ez dira komunikabideetan agertu ohi. Hala ere, betiko taldeez gain, badira musika mugimendu gehiago.
Beti egon da, eta beti egongo da publiko zabaletik at dagoen sormen musikala, nortasun propioa duena eta aurrez fabrikaturiko plastikozko produktuak ez direnak. Dena dela, badira betiko taldeak aintzat hartzen ez dituzten komunikabideak ere.
Zentzu horretan, zuen musika orbitan dabiltzan taldeak badira Euskal Herrian. Bai eta kontzertuak eskaintzeko musika zirkuitu osasuntsu bat ere.
Bai. Euskal Herrian musika era guztietariko talde onak aurki daitezke. Beti pentsatu izan dut hemen altxor izugarria daukagula, gure musika eszena alegia. Oso maila handiko musika talde asko eta asko dauzkagu eta Euskal Herria zein txikia den kontuan izanik hori gertatzea mirari antzeko bat dela ere baderitzot.
«Azken urteotan formatu digitalek musikari bere balioa kendu diote, eta, nolabait, biniloaren hazkunde honek bakoitza bere lekuan jartzen du»