GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Denboraldi hasiera

Emaitzak eta baikortasuna, kritikei aurre egiteko

Taldeak kritika gehiegi jaso duela uste du Fernando Llorentek, orain arte zehaztutako helburu guztiak eskuratu dituela kontuan hartuta.

p027_f02_333x333.jpg

Amaia U. LASAGABASTER | BILBO

Espanyolen aurkako partidak ederki moteldu dituen arren, kritika ugari jaso du Athleticek gauzatutako denboraldi hasierak. Eta, oro har, beren jokoa kaskarra izan dela aitortzen badute ere, zuri-gorriek ez dituzte guztiz onartzen esandakoak. Izan ere, taldeak bere helburuak lortu ditu dagoeneko.

Hori nabarmendu zuen atzo Fernando Llorentek, taldeak kritika gehiegi jaso dituela salatuz. «Hasi besterik ez gara egin eta badakigu normalean dezente kostatzen zaigula. Hala ere, hainbat hilabete jokatzen zeramaten taldeen aurka aritu gara eta gainditu ditugu. Pozik egon behar dugu», uste du, beraz, aurrelariak.

Bere kasuan, gainera, egoera zailagoa da. Argi dago jokalaria ez dagoela une onenean eta, aitzakia garbia izan arren -ekainera arte luzatu zuen azken denboraldia, partida gehienak jokatu ondoren; taldekideek baino opor eta aurredenboraldi motzagoak izan ditu...-, horrek zale ugariren atsekabea eragin du. Aldarrikatu zuenez, «nire ezaugarri fisikoengatik -azaldu zuen-, beti kostatu zait forma hartzea, ez da kontu berria. Baina Espanyolen aurka indartsuago sentitu nuen neure burua, batez ere lehen zatian».

Horrenbestez, baikor agertzen da etorkizunari begira. Bai maila pertsonalean -«ziur nago gero eta hobeto egongo naizela», esan zuen-, baita taldeari dagokionez ere. Ez da ausartzen Athleticen borroka zein izango den iragartzen, bere hitzetan, «oso urte gogorra izango baita», baina, halaber, urte polita izan daitekeelakoan dago. Eta taldea erronkei aurre egiteko «prestatuta» ikusten du.

Gainera, denboraldia goiz hasi izanak egutegi trinkoa izatea dakarren arren, nolabaiteko abantailak dituela uste du. «Aurredenboraldi berezi hau primeran etorri zaigu, aurreko urteotan baino hobeto baikaude».

Arnasa hartzeko hiru egun izango ditu taldeak

Uda nolakoa izan den ikusita eta udazkenak antzeko itxura duela -hamar partida jokatuko ditu taldeak berrogei egunetan- kontuan hartuta, Joaquin Caparrosek lehiaketaren etena aprobetxatu eta arnasa hartzeko aukera eskaini die bere jokalariei. Taldeak jai izango du hiru egunetan eta ez da Lezamara astelehenera arte itzuliko.

Emakumezkoen derbia, behar dutenei laguntzeko

Athleticen eta Eibarren Superligako taldeek ongintza partida jokatuko dute Elorrion datorren asteartean (19.00). Bildutako dirua Kainabera Solidaridad elkarteari emango diote Nikaraguako Monzonte herrian etxe duinak eraiki ditzan. Talde zuri-gorriaren aurkezpen ofiziala, bestetik, gaur egingo da Artea Merkatal Gunean (18.30).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo