GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Ikasturte hasiera

Gripea ahotan bai, baina txikien negar eta irribarreak berriz ere nagusi

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasle guztiak eta nafarroako zati batekoak. Atzo milaka ikaslek egin zuten ikasgeletarako bidea. Ohiko negar malkoekin batera, atzokoan A gripea izan zen hizketarako gaia. Ikastetxe bakan batzuetan ordea, irakasle gabeziak sortutako haserreak hartu zion tokia.

p002_f01_111x111.jpg

Idoia ERASO - Maider EIZMENDI

Ziburuko Marinela eskola publikoan helduenak sartu ziren lehenengo goizeko bederatzietan. Mutiko eta neskatoen artean urduritasunak eta lagunak berriz ikusteak eragindako alaitasunak bat egin zuten. Amaren hankari eutsita, eskolara sartu nahi ez zutenak baziren batzuk; negar bat edo beste ere ikusi zen. Amaren animoei jarraituta, lau urteko neskatxa batek beldurrari aurre eginez, «ni orain handia naiz» esan, amaren eskua askatu eta eskolara sartu zen. Hamarretan, aldiz, bestelakoa zen irudia, haurren negar zotinak auzo guztian entzuten baitziren kasik. «Etxera joan nahi dut» eta «ez dut lagunekin egon nahi, zurekin egon nahi dut» eta antzeko esaldiak entzuten ziren gurasoengandik askatu nahi ez zuten umetxoen artean.

Atzo zen ikasturtearen hasieraren data ofiziala Ipar Euskal Herrian. Eskola publikoek eta ikastolek atzo ireki zituzten ateak, eskola pribatu katolikoak, aldiz, asteartean hasi ziren.

Ikasleentzat ez ezik, irakasleentzat ere abiapuntua izan zen atzo. Gogoz agertu zen Cecile Crouspeyre zuzendaria ikastetxean. «Gazteekin lan egitearen plazerragatik hautatu baitut irakaskuntza. Gazteekin berriz biltzeko gogoz naiz, nahiz eta aitortu behar den sartze guztiak arrangura edo pisu batekin abiatzen ditudala. Irakaskuntzaren erantzukizunaz haratago, beren bizitzako bidean aitzinaraztearen arrangura badugu guk irakasleok», azaldu zuen Crouspeyrek.

Zalantzarik gabe, A gripea guraso, irakasle eta ikasleen arteko elkarrizketetan landu zen. Marinelako zuzendariak azaldu zuenez, atzo bertan hasi ziren gripeari aurre egiteko neurriak lantzen, ikasleei eskuak maiz garbitzen eta musuzapia erabili ostean zakarrontzira nola bota behar duten erakusten. Eskolako sarreran ere kutsatzeak saihesteko neurriak azaltzen zituen orri bat zegoen. Gurasoak gaixotasunari buruzko informazioa eskaintzen zuten orriak eskutan atera ziren eskolatik. «Gurasoak lasaitzeko eta bereziki desinformazioari aurre egiteko gutun txiki bat idatzi diet», eman zuen aditzera eskolako zuzendariak. Maskarak eta bestelako baliabideak gaur jasoko dituzte.

Gurasoak berez lasai agertu ziren atzo, inor ez zen zuzendariarengana hurbildu galderak egitera: «Uste nuen, kezkatuta, galdetzera etorriko zirela, baina ez da inor etorri». Amandinek, sei urteko mutiko baten amak, kezkarik ez duela baieztatu zuen: «Albisteak entzun dugu medioetan, beste gripearekin bezala, kasu ematea izango da garrantzitsuena». Hiru urteko neskatila daukan Amaiak txertoa zuen bereziki mintzagai: «Nik ez diot txertoa jarri nahi, Interneten irakurri dut kaltegarria izan daitekeela eta gainera oraindik ez dute frogatu». Arazo handiena ikasgela edo eskola itxiko balute sortuko litzatekeela nabarmendu zuten batzuek zein besteek. «Hiru kasu baino gehiago baldin badaude, ikasgela edo eskola itxi dezaketela esan dute telebistan. Eskola ixten baldin badute, haurra nire amarekin utz dezaket, baina, aldiz, aitarekin dagoenean, banatuta baikaude, ez dakit nola moldatuko den, berak lanera joan behar baitu», azaldu zuen Amandinek.

Erakundeek ez dutela behar beste informazio bidali nabarmena zen eskola ondoan dagoen Luma haurtzaindegian, berriz. «Guri ez digute ezer bidali, Osasun Saila ez da gurekin harremanetan jarri», kexatu ze Mari-Claire. «Kutsatzea saihesteko ematen dituzten gomendioak guk jadanik betetzen ditugu. Haur bakoitzak baditu bere paperezko musuzapiak eta gero zakarrontzira botatzen ditugu, eta guk eskuak desinfektatzeko xaboiarekin garbitzen ditugu, ianekoa eta gainera bioa», gaineratu zuen irribarre batekin.

Gripea izan zen hizpide nagusi halaber, Leitzako Erleta ikastetxe atarian atzo goizean, besteak beste, aurten ikasgeletara lehenago itzuli behar izan baitute etxeko txikiek. Nafarroako Gobernuak A gripeak osasun zerbitzuak kolapsatu ez ditzan ikasturte hasiera mailakatua ezarri du, eta atzo ikasturteko lehen eguna izan zuten Haur Hezkuntzako ikasleek eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleek.

Ikasgelak doinua hartzen

Bederatziak laurden gutxiago zirenean-edo hasi ziren irakasleak ikastetxeko pertsianak igo eta eraikina biziberritzen, baina bederatziak jotakoan hartu zuen Erleta ikastetxeak bere ohiko doinua. «Apenas deitu behar izan diodan jaikitzeko», zioen ama batek semeak eskolara etortzeko zuen irrika azalduz. Zenbaiti, ordea, goiz jaikitzeak batere mesederik egin ez ziela nabaria zen. «Esnatu, lo zaude!», esan zion barrezka aita batek, begiak zabaltzeko ere lanak zituen semeari.

Ikastetxeko sarreran egin zieten irakasleek lehen agurra eta taldeka joan ziren euren ikasgeletan sartzen.

09.30etan irudia hunkigarriagoa zen. Ordu horretan iritsi ziren lehenengoz ikasgeletan izango diren haurrak eta tartean-tartean batzuk, gurasoei apenas kasurik egin gabe, jolasean hasi ziren arren, askok ezin izan zioten negarrari eutsi. Haurrak larri, joan nahi baina «txikia» gisa horretan uzteagatik, gurasoak haurrak baino larrituago. Ikastetxeko irakasleak, hala ere, saiatu ziren egoera arintzen eta jostailuak atera, hitz goxoak esan...

A gripea dela-eta sortutako zalapartak ez ditu asko asaldatu Leitzako eta Ezkurrako haurrak jasotzen dituen ikastetxe honetako gurasoak.

Edurne Gastesik bost urteko semea du eta ikastetxearen atarian bertan zioen, beldurra baino gehiago zalantzak sortzen diola kezka. «Baina beldurra zergatik? Ezin dugu ezer egin eta etorritakoan hartuko dugu», nabarmendu zuen Gastesik.

Eskolak mailakatuta hasteari zentzu handirik ez dio ikusten Jaione Aldaik. «Txorakeria iruditzen zait egia esan, baina beno...». Bere esanetan, gripearen inguruan eman den informazioa nahasia izan da eta horregatik, «beldur sentsazioarekin batera, esaten direnak gehiegitxo» direla pentsatzen du.

Irakasle gelan ere orotariko iritzia. «Ezagunek pasa dute eta ohiko gripea baino arinagoa dela diote», zioen batek, besteak aldamenetik honakoa ohartarazten zuen bitartean: «Zerbait izango du horrenbeste zalaparta sortu denerako, aurreikusi ezinezkoa behintzat bada». Larritasuna erreala edo ez, batetik eta bestetik jasotako gomendioak eta neurriak abian jartzeko prest agertu ziren. Sortutako traben artean, egutegien egokitzea dute. «Ikasleak txanda ezberdinetan hasiko dira eta, beraz, eskola egun kopuru bera izan dezaten egutegi desberdinak egin beharko ditugu».

Gripeak baino larritasun handiagoa eragin zuen irakasle gabeziak atzo beste behin hainbat tokitan. Zuberoako Gamere-Zihigako eskolan ez zuten irribarrerako motibo handirik. Irakaslerik ez zegoen, baina herriko zazpi ikasleak, guraso, familia eta herriko jendeak lagunduta eskola okupatzen ari ziren «irakaslea heldu arte». Jean Lassalle diputatua ere han zen bere elkartasuna erakusten, eta atzo arratsaldean ikuskariarekin hitzordua zuen akordio batera heldu ahal izateko. Ikasgela bakarra duen eskolan haur nahikoa ez dagoela-eta Ikuskaritza Akademikoak ixtea erabaki du. «Sinbolo bat zen eskolaren bukaera da hau», azaldu zuen eskolako gurasoen arduradun Isabelle Cocosteguyk. Barkoxen ere lanpostu eskasia salatu dute euskarazko lanpostu baten beharrean daudelako, eta orokorrean behar direnak baino baliabide gutxiago dituztelako. Atzo egin ziren ikasle eta baliabide zenbaketak, eta Ikuskaritza Akademikoak hurrengo astean egingo du sindikatuekin bilkura lanpostuen banaketa zehazteko.

 

HENDAIA

Hendaian eskolatuta dauden ikasleen erdiak ez du frantsesa ezagutzen eskolara sartzean, Bidasoaren hegoaldetik heldu direlako. Hendaiako herriak duen berezitasuna dela kontuan hartzeko eskatzen dio Ikuskaritza Akademikoari.

HERRIKO ETXEAK

Departamenduko erakundeek ezarritako neurriez gain, A gripearen arriskuari aurre egin ahal izateko, herri bakoitzak neurri bereziak ezarri ditu. Herriko etxeek beharrezkoak diren baliabideak eskainiko dizkiete hezkuntza zentroei.

gainerakoak

Nafarroako gainerako ikasleek irailaren 9an eta 15ean ekin beharko diote aurtengo ikasturteari. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez berriz, datorren asteartean dago zehaztuta ikasturtearen hasiera ofiziala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo