GARA > Idatzia > Euskal Herria

Genozidioaren Biktimen Elkartea sortu dute 1936an hildakoen senideek Donostian

Egia eta oroimena berreskuratzea eta biktimei dagokien aitorpena ematea dira atzo aurkeztu zuten elkartearen xedeak. 1936ko gerrak Donostian utzitako datuak «izugarriak» direla nabarmendu zuten.

p017_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI |

1936ko gerran hil zituzten donostiarren senideek elkarte bat sortu dute «hildakoen eta garai hartako memoriaren berreskuratzea» helburu hartuta. Hala adierazi zuten atzo egindako aurkezpen ekitaldian, Iñaki Egaña historialariak eta Teresa Lasalle eta Ana Saratxaga fusilatuen senideek.

Oroimena berreskuratzeaz harago, «egian» sakondu nahi dute, izan ere, «gezurra dirudien arren eta nahiz eta horrenbeste urte pasa diren, oraindik ere gune ilun asko daude argitzeke eta oztopoak daude egia hori berreskuratzeko». Justizia da, Egañaren esanetan, hiriburuan sortu duten elkartearen beste xedea eta bide horretan adibidetzat jarri zituzten beste estatu batzuetan eman dituzten pausoak, «hemen frankismo garaiko legeek oraindik ere, indarrean ez egon arren, deuseztatu gabe jarraitzen dute».

Hogei bat senideren ekimenez abiatu eta egun hirurogeiren bat batzen dituen elkartearen hirugarren helburua ordaintza da: «Hainbeste sufrimendu eta horrenbeste gune ilun bizi ondoren, oraindik garai hartako biktimen senideek ez dute aitorpenik jaso eta horretan lan egin behar da».

Elkartearen izenean «genozidio» hitza baliatzea akaso handinahikoa irudi lezakeela-eta, ez dela inolaz horrela nabarmendu zuten, eta hori argudiatze aldera Donostian 1936ko gerrak utzi zituen datu «izugarriak» eman zituzten.

Hala, gogora ekarri zuten tropa frankistak hiriburuan sartu aurretik 88.000 lagun bizi zirela bertan eta erdiak baino gehiagok ihes egin zuela. «30.000 eta 34.000 pertsona geratu ziren eta horietatik 385 fusilatu zituzten», adierazi zuen. Fusilamendu gehienak Hernanin, Oiartzunen eta Beran gertatu ziren, baina, orain bi hilabete Amara auzoan ere aurkitu zituzten zortzi pertsonaren gorpuzkiak. Horien inguruan Egañak adierazi zuen ikerketa sekretupean duela epaileak eta, beraz, oraindik ez dagoela beren identitatearen gaineko daturik.

Baina fusilatuez gain, ia 6.000 gudarik bat egin zuten errepublikaren alde eta horietatik 470 gudu-zelaian hil ziren. Zifrekin jarraituz, Egañak gogora ekarri zuen 776 haur erbesteratu zituztela 1936ko irailean eta 561 donostiar hil zirela gerra osteko urteetan kartzela zigor luzeak bete ostean. «Datu hauek Europa erdialdean II. Mundu Gerran gertatu ziren holokaustoaren eta genozidioaren parekoak dira», nabarmendu zuten agerraldian.

Egañaren iritziz, gizarteak senitarteko hauek aitortu egin behar ditu, «biktimekiko horrenbesteko sentsibilizazioa dagoen garai honetan». «Biktimak eta hauen senideak -jarraitu zuen historialariak- urte luzeetan itzalean egon dira eta hori ezin du gizarte demokratiko batek onartu».

Elkartearen lehen eginkizunetako bat ahalik eta jende kopuru handiena batzen saiatzea da eta bigarrena, berriz, biktima guztiei omenaldia egitea. Azken ekimen hori datorren astean, irailaren 12an, egingo dute, Donostian tropa frankistak sartu zireneko urteurrenaren bezperan hain zuzen ere.

Ekitaldia

Oraindik ere egitaraua erabat zehaztu gabe badute ere, datorren larunbatean tropa frankistek hil zituzten herritarrak omentzeko ekitaldia egingo dutela adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo