Seaska pozik agertu da murgiltze ereduak izandako arrakastarekin
Ikasturtea hasi berri dela, Seaska ikastolen konfederazioak euskararen irakaskuntzan murgiltze sistemak agertzen duen «hazkunde etengabea» nabarmendu du. Lakuak eskainitako datuen arabera, halaber, D ereduan ikasten duten ikasle kopuruak gora egin du.
Ainize BUTRON
Seaska pozik agertu zen atzo 2009-2010 ikasturteko matrikulazioak azken urteotako garapena berretsi duelako. Ikasle kopuruari dagokionez, 2008. urtean 2.500 ikasle izan ziren, eta aurten urtea 2.700 ikasle ingururekin bukatuko dute. Hazkunde hori, ikastoletan izandako bilakaerarekin lotu zuten. Esate baterako, Saran, Angelun eta Hiriburun lehen mailako ziklo osoa sortu da, eta, Bitarten, berriz, ikastola berri batek zabaldu ditu ateak.
Ama ikastoletan nabari da gehienbat emendatzea, eta, datu hori garrantzitsutzat jo zuen Paskal Indo lehendakariak, Seaskak sistemaren maila guztietan baititu ondorioak. «Oro har, eskoletan haur kopurua txikitzen ari da, ikastolak, ordea, gora doaz etengabe», goraipatu zuen.
Hazkunde horrek, hala ere, Seaskan kezka ere piztu du, Baionako Bernat Etxepare lizeoa eta Kanboko Xalbador ikastetxea lekuz murritz geratzen ari direlako. Lizeoko barnetegia Kanbon eta Tarnosen, bi egoitzatan banatua dute. «Barnetegia Baionara ekarri behar dugu. Akitaniako Kontseilua laguntzeko prest dago, baina, horretarako BAB hiri elkargoaren baimena behar dugu», argitu zuen Indok.
Lizeoaren parte bat Udaleko teknikariek erabiltzen dute. «Harremanak abiatu ditugu elkargoarekin egoitza guztia ikastolarentzat utz dezaten, baina ez digute erantzun argirik eman», esan zuen. Seaskarentzat hori lortzea izango da aurtengo erronka nagusietako bat. Lizeoak 211 ikasle ditu, eta, beste berrogeita hamar bat gehiago biltzeko ahala dauka. Urriaren 24an izango den Deiadar kanpainako manifestaziorako deia zabalduz bukatu zuten.
Seaskak datu horiek guztiak emateaz gain, Lakuako Hezkuntza Sailak hastear dagoen ikasturtearen gaineko zifrak eskaini zituen atzo. Isabel Celaa sailburuak jakinarazi zuenez, unibertsitatez kanpoko 334.193 ikasle izango dira aurten, iaz baino %2,48 gehiago hain zuzen ere.
Beste urte batez, aurrematrikula datuak kontua harturik, gora egin du D ereduan izena eman duten ikasleen kopuruak. Ikasleen erdiak baino gehiagok %57,3k D eredua hautatu du; 522,9k B eredua eta %19,7k A eredua. Aurreko ikasturtearekin alderatuta, D ereduak %1,4 egin du gora eta A ereduak, berriz, %1 egin du behera.
Gainerakoan, ingelesaren eta teknologia berrien alorrean iragarri zituen berritasunak Lakuako saileko arduradunak. Bigarren arlo horretan 2.0 Eskola programa iragarri zuten eskoletan teknologia berriak sartzeko. «Ez da soilik Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasle bakoitzak ordenagailua izatea, XXI. mendeko ikasgela digitalak abian jartzea baizik». Hala, 13 milioi inbertituko dituztela jakinarazi zuen 941 ikasgela digital eta 18.500 ordenagailu ezartzeko.
Horrez gain, ingeles ikasketa indartzeko barnetegiak abiatzeko asmoa erakutsi zuten. Hezkuntza sailburu Celaaren esanetan, astebeteko egonaldiak egingo dituzte ikasleek eta irakasleek eta ikasgeletan ikasitakoa praktikatzeko aukera izango dute.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokienez, D ereduan ikasten duten ikasleen kopuruak %1,4 egin du gora; A ereduan ikasten dutenena, ostera, %1 jaitsi da.