BAB hiri elkargoak autobus erraila garatuko duela esan du
Idoia ERASO |
BAB hiri elkargoko presidente eta Baionako auzapez Jean Grenetek garraiobide publikoen garapena erakundearen helburu nagusien artean dagoela nabarmendu zuen atzo. Eztabaida latza sortu duen autobus erraila ez dela desagertuko eta garatu egingo dutela jakinarazi zuen. Hurrengo bost urteetan autobus errailen sarea asko handituko da eta horretarako autobusen sistema berrituko dute. Gutxiago kutsatzen duten autobusek ere egungo sarea handitu eta ordezkatuko dute.
Egitasmoa gauzatzeko «inprobisatu eta saiakerak egin» behar izan dituztela aitortu zuen presidenteak, eta, hori dela eta, hasierako egitasmoak hilabete gutxi batzuetan hainbat egokitzapen behar izan ditu. Moldaketa horiek aurrera jarraituko dutela jakinarazi zuen autobusen kudeaketaz arduratzen den garraio publikoko sindikatuko presidente Michel Venacek. Egitasmoaren kontra agertu diren dendariekin egin bilkuren ondorioz etorri dira aldaketak. «Elkarrizketarako ateak zabalik ditugu. Ibilbidearen ondoan dauden saltokietako jabeekin biltzen garen aldiro balantzea egin eta moldaketak hitzartzen ditugu» azaldu zuen Venacek.
Autobus linea sortu zenetik erabiltzaileen kopuruak gora egin du, eta horrek jendearen ohiturak aldatzeko zerbitzu on bat eskaini behar dela adierazten duela nabarmendu zuten sindikatuko arduradunek. «Iraultza lasai bat egiten ari gara», esan zuen Venacek.
Mugikortasunaren astea
Europa mailako Mugikortasunaren Astea izango da hilaren 16tik 22ra. BAB hiri elkargoak hainbat ekimen antolatu ditu. Esaterako, 14tik 19ra Chronobusa ezagutzeko joan-etorriak doan eskainiko dira Marouetteko aparkalekutik.
Euskal Itsasbazterra elkarteak ere aste horrekin bat eginez, «Ezberdin mugi gaitezen!» deia zabaldu du. Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuan mugikortasun iraunkorrarekin loturiko animazioak izango dira hilaren 12tik 14ra.