GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Osaba Txurruk betiko artaburu berbera izaten jarraitzen du, Ikertxo!

Amets TXURRUKA Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Osaba Txurru» titulua berez ez da nirea, nire aitarena baizik. Bizi guztian zehar ala deitu izan dugu Txurruka zaharra lehengusuon artean eta ez du gutxiagorik merezi, izan ere hiru aldiz baita hamaikatxo ilobaren «Osaba Txurru».

Azalduko dizuet: lehengusu piloa gara eta denok elkarrekin txango mordoak egindakoak gara gure aitaren furgonetan, eta berak Txurruka abizena 3 aldiz errepikatua duenez, lehendabiziko hiru abizenen tokian horra «Osaba Txurru x 3»ren azalpena. Orain nik ere titulu horren jabe egiteko eskubidea dudala uste dut, izan ere, hiru ilobatxo dauzkat: Eneko, Iker eta Xabi, horrenbestez, «Osaba Txurru x 3».

Aste eta erdi inguru da Loiuko aireportuan hegazkina hartu eta nire bosgarren handia egitera abiatu nintzela. Han ziren ilobetako bi: Eneko eta Iker.

Etxean naizenean, makina bat jolas eta kontu egiten dugu elkarren artean Ikerrek eta biok; gustura ibiltzen gara elkarrekin. Baina aireportura iritsi bezain laster, taldekideekin bat egin eta hedabideek arreta berezia jarri zigutela konturatu zenerako, ez zidan berbarik egiten erdi lotsatuta, eta ordutik telefonoz ia egunero deitzen badut ere, ez dut lortu berarekin hitzik egiterik.

Bada, aitortu behar dizut Ikertxo, «osaba Txurru txikiak», betiko artaburu berbera izaten jarraitzen duela. Maleta ordenan jarri ezinik, noizean behin hotel batean edo bestean zerbait ahaztuz... beno, iaz Mikel Astarlozak «Berria»n argitaratu zituen nire despisteen xehetasunak eta, beraz, ez dut nik jarraituko neure teilatura harrika.

Honekin esan nahi dudana, egoera batean edo bestean, arropa batzuk edo besteak soinean, baina sakonean beti pertsona bera garela. Neuri ere gertatu zait, Armstrong berbera, Contador, Vinokourov, Basso, Bonnen... txirrindulari handiak modu berezian ikusi izana, baina karreratik kanpo elkarrekin izandako uneetan konturatu naiz guztiok dugula alderdi humanoagoa eta denok ere artaburu samarrak garela.

Txirrindulari handiak izan eta ia nahi duten guztia eduki arren, detaile txikien ilusioarekin bizi dira: karrera aurreko kafetxoan lagunekin hiruzpalau txiste eta tontakeria kontatu eta barre batzuk egin, laguna konturatu gabe maillotean harri koskorrak sartu, tropela lasai doanean hornimendu poltsako freskagarriaren ilusioa, maite duzun jendearen bisita...

Despisteak ere itzelak: esku bereko guante birekin agertu irteerara eta eskuinekoa ezkerrekoan jartzeko buelta eman beharra, publizitatea ezkutuan geratuz, dortsal edo bidoiak ahaztuta irteerara abiatzea, hotelean beste talde baten mahaian jarri eta beraienetik jaten hastea... milaka honelako ikusten ditugu.

Esandakoa Ikertxu, etxean dagoeneko artaburu berbera izaten jarraitzen du osaba Txurruk, eta zure kontutxoak faltan botatzen ditu!!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo