KRITIKA klasikoa
Albenizen Parisko lagunak
Maite IDIRIN
Ziburun entzun genuen kontzertuan Albenizek Parisen egindako bi egonaldietan topatu zituen frantses konpositoreen arteko lagunen musikak interpretatu zizkiguten. Lehenik, C. Debussyk biolin eta pianorako sol minorrean idatziriko 3. sonata eskaini ziguten. Tedi Papavramik biolina eta J.F. Neuburgerek pianoa bikain joaz, bereziki allegro vivo, intermède eta finale joaldietan, interpretazio ederra entzun genuen. Beharbada, pianoa bortitzegi aritu zen pasarte batzuetan. Horren ondotik, G. Faureren “Nocturnes” obrako atalak eskaini zizkigun J. F. Heisser pianistak. Berak aurkezpen modura esandako hitzetan, Albenizek arras maite zuen obra hau eta espiritual bezain sarkorra den lana finki interpretatu zuen gainera. Lehendabiziko zatia amaitzeko, Ravelen “Rhapsodie espagnole”, Garbanek pianorako egindako lau eskurako egokitzapena, eskaini ziguten Heisser eta Neuburgeek. Nahiz eta orkestrarentzat idatzitako bertsioa ederrago deritzodan, hau grazia askorekin interpretatu ziguten.
Bigarren zatian, Albenizen laguntzaile izan zen Ernest Chausssonen “Op.21, Re maiorrean harizko laukote, biolin eta pianorako kontzertua” eskaini ziguten. Ezohiko formazio batentzat konposatua da. Biolina eta pianoa nagusi badira ere, harizko laukoteaz lagunduta ari baitira. Entzun genuen lanik aberatsena berau izan zen, noski, bai obraren kalitateagatik, bai eta interpretazio harrigarriagatik ere. Bereziki aipagarria izan zen Papavrami biolin-jotzailearen lana. Ezaguna zitzaigun duela urte zenbait Sarasate saria eskuratu berria, Euskal Kostaldeko Musikaldian izan genuelako.