Albaceteren aurkako neurketa prestatzen
«Ausardia handiz» jokatu nahi du bihar Iñaki Alonsok
GARA | IRUN
Aste gogorra izan dute Real Unioneko jokalariek Huelvako Recreativoren aurka Ligako lehen partida galtzeaz gain, Kopan Vigoko Celtaren aurka kanporatuta geratu ondotik. Hala ere, Iñaki Alonsoren taldeak igandean Albaceteren aurka jokatu behar duen neurketa du buruan orain.
Hala, atzo Galen egindako entrenamenduaren ondoren, taldeak «ausardia handiarekin» jokatu behar duela adierazi zuen prentsaurrekoan gipuzkoarren entrenatzaileak. Horretarako, Alonsoren ustez, jokalariek «denak batera aritu behar dute zelaian, elkarrekin defendatuz eta, erasora atera beharra denean, dena emanez».
Bigarren Mailaren zailtasuna kontuan hartuta, honakoa nabarmendu zuen bizkaitarrak: «Inork ez du inor jaten, eta gauzak ondo ateratzen badira eta taldea ondo jarrita badago, edonori egin diezaiokegu mina».
Ligako lehen jardunaldiko kolpearen ostean, Durangoko entrenatzaileak «larritasun pixka bat» egon daitekeela aipatu zuen, baina zelaira duela astebeteko «animo berarekin» ateratzen badira, aurreneko garaipena lortuko dutelakoan dago Alonso.
«Lehengo egunean puntu gogorrak baditugula erakutsi genuen, eta horiek aprobetxatzen ikasi behar dugu», adierazi zuen Alonsok. Halaber, puntu horiekin taldeak «presioa eta konplexuak baztertzea» espero du, «baldin baditu», behintzat. Hala ere, «konfiantza lortzeko, emaitza da garrantzitsuena», amaitu zuen.
Mendinueta, hiru aste kanpo
Iñaki Alonsok 18 jokalari eramango ditu Albacetera: Jauregi, Beñat, Gurrutxaga, Gabarain, Larrainzar, Deskarga, Josu Iglesias, Alcala, Abasolo, Aitor Sanz, Seguro, Salcedo, Montoro, Duran, Juan Dominguez, Goikoetxea, Brit eta Romo.
Alonsok ezin izango ditu Otermin atezaina eta Mendinueta atzelaria zaku horretan sartu. Lehenengoak abuztuaren erdialdean hautsitako saihetsa sendatzeke du oraindik, baina baliteke hil honen amaieran jokatzeko prest izatea. Bigarrenak, berriz, ezker hankako abduktorean haustura txiki bat izan zuen Kopako partidan, eta hiru aste egongo da jokatu gabe.
Jokalariek gaur bertan egingo dute entrenamendua Albaceten, igandean Carlos Belmonte futbol-zelaian gaueko bederatzietan jokatu aurretik.