Aizkora Gipuzkoako finala
Azurmendi eta Olasagasti izango dira faborito
Arriarangoarekin eta Igeldokoarekin batera, Txapartegi, Mujika eta Otaegi ere neurtuko dira. Lehian arituko den aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Aizkora gustuko dutenek, zorioneko egon beharko lukete, asteburua aizkora saioz beteta baitator, eta gehienetan gauza garrantzitsuak izango dituzte jokoan.
Hasteko, gaur, 18.00etatik aurrera, Donostian, Trinitate plazan, Gipuzkoako Lehen Mailako aizkolarien finala jokatuko da. Bertan, Olasagasti, Azurmendi, Txapartegi, Mujika eta Otaegi neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko ditu.
Azurmendi, egungo txapelduna, eta Olasagasti aterako dira garaipena erdiesteko faborito. Beste hirurek, itxura batean, beste hiru postuen bila atera beharko dute. Horietako bi, Mujika eta Otaegi, berriak dira. Ibarrakoak iaz irabazi zuen Bigarren Mailako txapela, eta Zizurkilgoak aurten. Azken honek berez hurrengo urtean jokatu beharko luke maila nagusian, baina Lasaren lekua beteko du gaurkoan. Legorretakoa min hartuta dago, eta bere ordez arituko da Joseba Otaegi.
Bihar, Zestoako plazan, 18.00etatik aurrera, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatuko da. Atutxa II.a, Kañamares, Rekondo, Mugertza I.a, Telletxea eta Ugarteburu izango dira aurrez aurre. Kirolari bakoitzak, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.
Aitzol Atutxa da, adituen ustez, txapela lortzeko faborito. Bizkaitarrak irabazi zuen kanporaketa ere, eta biharko saioa bereganatzeko ere faborito dago. Hortik aurrera, gauzak estuago ikusten dituzte zaleek. Kanporaketan, Kañamares izan zen bigarren, eta berriro ere Arostegikoarekin kontuz ibili beharko da. Mugertza ere eskarmentu handikoa da, badaki Lehen Mailako finalak jokatzea ere zer den, eta adi jarraitzekoa izango da bere lana, Ugartebururena bezalaxe. Rekondorengan ere itxaropen dezente dute zaleek. Txapelduna eta bigarrena Lehen Mailara igoko dira.
Gazteak
Orozkon, Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketa jokatuko da bihar, 12.30etik aurrera. Bertan, Amillano, Txikon, Dorronsoro, Zaldua, Alkizalete I.a, Ruiz de Aretxabaleta, Castro, Eraso, Mugertza II.a eta Xanti Olano lehiatuko dira. Olasagasti eta Patxi Mindegia ere aritzekoak ziren, baina biak daude min hartuta eta ez dira izango.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta lehenengo biek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Ohian Larretxea eta Olano jadanik sailkatuta daude. Falta den kanporaketa, berriz, urriaren 4an jokatuko da Anitzen.
Leitzan, berriz, bihar, 12.00etatik aurrera, gazte mailako Euskal Herriko finala jokatuko da. Saralegi II.a, Gallastegi eta Irazabal arituko dira nor baino nor. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko erdibitu beharko ditu.
Azkenik, bihar Alonsotegin, 19.00etatik aurrera, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko da. Nazabal, Arria V.a eta Lopez neurtuko dira. Aizkolariek lan ezberdinak egin beharko dituzte. Nazabal izango da faborito.
Aimar Irigoien ere lanean arituko da asteburu honetan. Bihar izango du saioa Bedaion, bertan marka ahalegin bat egiteko asmoa baitu. Errezildarrak 137,5 kiloko harri kubikoa erabiliko du hiru minutuko txanda bakar batean, eta tarte horretan 20 jasoaldi baino gehiago lortu beharko ditu aurretik dagoen marka ontzeko.
Harri horrekin, denbora horretan, Izeta II.ak dauka marka, 20 jasoaldirekin. Aiarrak 1996. urtean lortu zuen, eta ordutik hortxe dago. Errezildarra ahaleginduko da hori apurtu eta berea jartzen. Ekinaldian, ordea, ez da bera bakarrik arituko, aizkolariak ere izango baitira, Donato Larretxea eta Anjel Arrospide hain zuzen.
Bigarren Mailako Euskal Herriko finala bihar jokatuko da Zestoan. Atutxa II.a, Kañamares, Rekondo, Mugertza I.a, Telletxea eta Ugarteburu lehiatuko dira.
Euskal Herriko Bigarren Mailako trontzalarien finala gaur jokatuko da Arraiozko plazan (18.00). Bertan, Txoperena-Portu, Etxeberria-Astondoa, Rezabal-Roteta, Iraola-Garmendia, Pikabea-Morrondo, Salegi-Agirregabiria, Eugi-Iribarren eta Perez de Heredia-Altzola neurtuko dira.
Lokotxetan, Euskal Herriko finala jokatuko da bihar Leitzan, 12.00etatik aurrera izango den jaialdian, aizkolariekin batera. Bertan, Nafarroako txingen finala ere erabakiko da. Orga-jokoko Euskal Herriko finala, berriz, gaur izango da Mutrikun, 18.00etan hasita.
Euskal Herriko Hirugarren Mailako bigarren kanporaketa bihar jokatuko da Orozkon. Larretxea eta Olano jadanik finalerako sailkatuta daude.