GARA > Idatzia > Kultura

Hileta oharra | Paulino Solozabal

Euskarak eta gazteek arduratzen zuten poeta

GARA |

Euskara eta fedea izan zituen gidari Paulino Solozabal apaiz eta poeta mungiarrak bere bizitzan osoan. Joan den asteartean hil zen, 97 urte zituela. Idatzita gelditu dira, ordea, bere olerkiz osatutako hamabost liburu -lehenengoa, 1961ean, «Uskeriak» izenekoa; azkenengoak, «Loradi» (2006) eta «Eder-min» (2007)-, baita Egieder eta Paulin ezizenez «Eguna», «Kamel» eta «Olerti» aldizkarietan argitaratutako poemak ere.

1912.urtean jaio zen Etxebarrian eta Gasteizko seminarioan egin zituen ikasketak. Mungiara joan zen ondoren eta 66 urte zeramatzan Bizkaiko herri honetan abade lanetan. Euskararekiko zuen ardura bere poemetan islaturik gelditzen zen. Euskal kulturaz eta Euskal Herriaz gain, zoriontasunaz, naturaren mirariez edo zoriontasunaz idatzi ohi zuen. Euskerazaleak elkartearen kolaboratzaile ere izan zen. Euskara batua ez zuen oso begiko eta «herriko euskera, baserrikoa» defendatzen zuen.

Herriko belaunaldi berriei euskal kultura transmititzeko ahaleginean aritu zela beti nabarmendu zuten ezagutu zutenek. Ahalegin handia egin zuen folklorearen berreskuratze lanetan, gazteen artean gal ez zedin. Poesiaz gain, musikarekiko ere zaletasun handia zuen. Mungiako parrokian txistua jotzen irakasten zuen eta baita euskal kantuak ere.

Ostegunean egin ziren Mungian bere aldeko hileta elizkizunak, Ricardo Blazquez gotzainak eta beste 30 abadek eskainita, eta lagun eta agintari mordoa bertaratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo