TOP 14
Biarritzek eta Avironek puntu premia handia dutela ekingo diote jardunaldiari
Jon LEUNDA | BAIONA
Puntu premia handia dutela jokatuko dute bai Biarritzek bai Avironek Ligako bosgarren jardunaldia. Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina Lapurdiko bi taldeek puntuak behar dituzte.
Hala ere, bi taldeen artean bada desberdintasun bat, izan ere, Avironek orain arte partida bakarra jokatu du etxean, eta aurkariak Liga irabazteko faboritoak izan ditu. Biarritz, aldiz, Liga irabazteko faboritoetako bat da, eta aurkaririk gehienak ere behealdean ibili ohi direnak izan ditu, baina hastapena ez du ona izan.
Asteazkenean ere Liga jardunaldia izan zen, eta asteburu honetako Top 14ko partida guztiak bihar jokatuko dira. Aviron sailkapeneko azkenaurreko postuan dagoela ekingo dio saio honi. Aurrez aurre, berriz, Bourgoin izango du. Lapurtarrek itxura ona eman dute orain arteko partidetan. Bai Perpinyan-en, baita joan den asteazkenean Tolosan ere, eta orain denboraldiko bigarren garaipena behar du. Stade Français menderatu zuten, eta gaur ezin dute hutsik egin. Gainera, badirudi A gripea ere joan dela Jean Dauguerretik, eta horrek ere mesede egingo die zuri-urdinei.
Biarritzek, berriz, 17.00etan jokatuko du Agileran Stade Françaisen aurka. Zuri-gorriak puntu premia dute, baina baita Pariskoak ere, hauen denboraldi hasiera ez baita oso ona izan, eta hamargarren postuan daude. Gainera, hauek ere A gripea gainean izan dute, eta horri buruz partidei buruz baino gehiago hitz egin da Frantziako hiriburuan. Biarritzek aukera aprobetxatu beharko luke.