GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Erantzuna berehala heldu da

 

Gertakari guztien gainetik, krisi ekonomikotik at, egoera politikoak alde batera utziz, Abiadura Handiko Trenaren obrak aitzina doaz eta biztanleen parte-hartzeak AHTren finantzamenduan ez du hautetsien kezka sakontzen. Izan ere, nahiz eta kostaldean AHTren inguruko debatea jarraitua eta proiektua hurbildik aztertua izan, ikusten dugu hautetsiek ez dutela jarrera tinkorik, irmorik Pariseko nahien aurrean. Ematen du Baionak geltokia lortuko duela, ondorioz Baionako auzapez diputatua isilago bihurtzen ari zaigu. Baina urrunago, Tours eta Bordelen arteko AHTren finantzamendua hegoaldeko kostaldeko Herri Elkargoaren bileretan aipatzen ari dira, informazioa bulegoko hautetsien artean gordez eta tokiko biztanleei azaldu gabe. Horren finantzatzera behartu nahi baikaituzte. Ondorioz, beste oposiziorik ez dagoela ematen duelarik, hautetsi abertzaleek gutun irekia idatzi diote Michel Iriarti, Herri Elkargoaren presidenteari (atzo orriotan argitaratu zena).

Di-da batean heldu da erantzuna. Presidenteari hitzordua eskatzen zaiolarik ez du erantzuten, baina protestak prentsaraino iristen direlarik, berehala ihardesten du. Boterean dauden hautetsiek aulkiak zaintzen dituzte, abertzaleen urratsez ez dira fidatzen, abertzaleak entzunagoak baitira. AHT gai garrantzitsua da UMPren sistemarentzat, Parisetik garapen jarraikia asko aipatzen baitute, baina azpiegitura erraldoiari eutsiko diote. Planeta hondatzen dela, ingurumena xehatzen dela, bost axola, tren horren pasarazteko ahalegin guztiak egin behar dituzte. Horrela, abertzaleek kontuak eskatzen dituztelarik, gezurrari lotzen dira eta elkartasun osoz, biztanleriaren erdia ez dutelarik ordezkatzen, ardurak beren artean banatu dituztelarik. Kezkatuak gaude, maila horretako proiektuen aurrean defentsarik gabe gelditzen baikara, tokian tokiko hautetsiek ez dute ausardiarik beren herrien defenditzeko, Parisekiko harremana zaintzea baizik ez dute gogoan. AHTren auzia negu honetako gai nagusia izanen da, lanak aitzinatu nahi baitituzte.

Baina, beste auzi bat dugu zintzilik, Jonena alegia, ez baitugu berririk, uda pasa da eta informazio gehiago ez da azaldu. Mundua ez dabil ondo, herri askotan desmasia ikaragarriak gertatzen ikusi ditugu uda honetan, ez dakigu zer egin horren aldatzeko, horren hobetzeko, ezintasun ikaragarria sentitzen dugu, indar ikaragarriak eman dituzte martxan askatasun bila ibilki diren herritarren aurka. Hemen ere, indar berak ditugu, untsalaz, zalantzarik gabeko fama duen herri honetan, estatuaren forma ilunena mintzatu da. Jon militante soil bat zen, eguneroko bizimoduan erakusten zuen mundua nola maite zuen. Indar ikaragarria duen estatu batek desagerrarazi behar izan du. Gogoetatzeko ematen du, eta hilaren 19an iraganen den manifestaldian parte hartzeko argudio aski agerian uzten. Kasu horretan zerbait egin dezakegu hori ez dugula onartzen errateko, karrikara atera.

Uda joan da, besta guztiak ez ditugu pasa, batzuk gelditzen zaizkigu. Ongi baliatu behar ditugu sekulakoak eta bi egiten baitituzte abertzaletasuna mapatik ezabatzeko, eta hori ja- sateko indarrak bildu behar ditugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo