GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Txikienak nagusi, Hondarribiko jaietako lehendabiziko egunetan

Herriko jaiei hasiera ofiziala eman aurreko egunetan jai giro lasaian aritu dira hondarribiarrak. Txikiak izan dira gehien parte hartzen ibili direnak, eurentzat bereziki prestatutako egitarau oparoa izan baitute asteburuan. Gaurtik aurrera, ordea, heldu, gazte zein txikiek herriko jaiez etenik gabe gozatzeko aukera izango dute, ostegunera arte gutxienez. Bihar, Guadalupeko Andre Mariaren jaietako egun nagusia ospatuko dute goiz eta arratsaldez: Alardea.

p017_f02.jpg

G.M. |

Eguerdiko hamabietan suziria jaurti bezain pronto hasiko diren kanpai hotsek Hondarribia guztian emango dute aditzera Guadalupeko Amaren omenezko jaiak abiatu direla. Osteguna bitarte aspertzeko betarik ez da izango herrian, nahiz eta joan den ostegunetik makina bat ekitaldi ospatu dituzten jada. Gazte eta helduei zuzenduriko musika emanaldiez gain, asteburuan hondarribiar txikienak izan dira jaietako jaun eta jabe, egun osoan zehar aspertzeko aukerarik eman ez dien egitarauaz gozatzeko parada izan baitute.

Hondarribiko banderaz eta ikurrinez josita dagoen Mendeluko bidea igarotzen hastea aski da kostaldeko udalerri honetako jaien txanda iritsi dela sumatzeko. Aurreko egunean ezkutatu samar zebilen eguzkiaren izpiek atzoko eguna majo alaitu zuten, eta horrek kaleetan herritarren joan-etorri etengabea bultzatu zuen. Atzokoan ez zirudien hondarribiarren artean bereizketarik zegoenik; biharkoa, Alardearen egunekoa, alegia, beste kontu bat izango da. Baina atzo bazuten alai egoteko motiborik; txikienak zezen puzgarriekin entzierroan korrika zebiltzan bitartean, gurasoak taberna atarietan Kontxako badian egiten ari zen estropadei begia kendu gabe baitzebiltzan. Eta to, hurrengo igandeko lehian izango da «Ama Guadalupeko» trainerua ere.

Bonsai erakusketa

Aurreko gauean, Psilocybek eta Txosna Batzordeak antolaturiko musika kontzertuetan ordu txikietara arte aritu ziren gazteen zantzurik ez zen eguerdian kaleetan, baina euren lekuan turista andana eta nekatzeko asmorik gabeko ume mordoa zebilen.

Larunbatean, eguraldi kaxkarra zegoelako edo, joan-etorri handia jaso zuen Zuloaga etxean ikusgai dagoen bonsai erakusketak. Atzo, ordea, erakusketako arduradunari gomendioak eskatu eta zalantzak argitzeko eguna izan zen. Kimuak nola moztu, zenbat lur jarri, forma nola eman, zein zuhaitz mota aukeratu bonsai bilakatzeko... Lehenbiziko gomendioa, eta gako nagusia, askok gutxien izaten dutena omen: denbora eta pazientzia.

Helduek gaitasun hori eskasian izaten badute, txikiek oraindik eta gutxiago. Larunbat arratsaldean ez ziren aspertu ordu ugariz hareazko gaztelu eta marrazkiak egiteaz, eta atzo goizean, Alde Zaharreko kaleetan barrena, gora eta behera, zezen puzgarrien aurretik korrikan ibili ostean, arratsaldean margo lehiaketan aritu ziren, geroago graffitiak egiteko saiakeran eta, azkenik, erraldoiekin eta buruhandiekin berriro ere batetik bestera korrikan.

Gainontzekoak, berriz, igande paregabeaz gozatzen batzuk, Alarde egunerako dena pronto uzten besteak, eta gehienak «Ama Guadalupeko» traineruaren marka ona ospatzen.

Gaur suziria bota bezain pronto, lau egunez aspertzeko betarik ere ez dute izango herrian. Bihar iritsiko da jaietako egun nagusia, Alardea, alegia; herria bitan banatzen jarraitzen duen eguna. Parrandan, aldiz, denek berdin gozatuko dute, ziur.

Gaur, txupinazoa

Eguerdiko hamabietan jaurtiko dute jaiei hasiera ofiziala emango dien suziria. Jarraian kanpai hotsak arduratuko dira Hondarribia osoan aditzera emateaz jaiak abiatu direla.

OSTEGUNERA aRTE

Joan den ostegunean hasi, eta honako ostegunera arte iraungo duten jaietan, musika emanaldi ugari, jolasak, ikuskizunak, bertsolariak, pilota partidak eta haurrentzako jolas parkeak izango dituzte hondarribiarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo