Esnearen krisiari aurre egiteko eskas ikusten dute Bruselaren proposamena
Esnearen sektorea jasaten ari den krisitik ateratzeko Bruselak proposatu dituen neurriak eskas geratzen dira estatu-kideetako askoren ustez. Nekazaritza ministroak ezohiko batzarrera deitu ditu Fischerrek, sektoreak duen egoera larriari aurre egiteko neurriak adosteko, betiere Erkidegoko nekazaritza politikaren irizpideetatik aldendu gabe. Abeltzainek, berriz, argi dute zein den bidea: eskaintza eta eskaeraren arteko oreka ziurtatzea eta prezioak kontrolatzea.
GARA |
Europar Batasuneko Nekazaritza ministroak Bruselan batzartuko dira gaur, beste behin ere esnearen sektorearen krisiari buruz hitz egiteko. Salneurrien beherakadak eta nazioarteko krisiak sektorean eragin dituzten arazoei aurre egiteko formulak bilatzea da helburua, baina Erkidegoko nekazaritza politikaren esparrutik irten gabe.
Nekazaritza ministroen kontseiluaren ezohiko batzarra da gaurkoa. Europako Batzordeak uda aurretik aurkeztutako proposamenari buruzko eztabaida, hilaren bukaerarako aurreikusia, aurreratu nahi izan dute.
Europako Batzordearen proposamenak argi utzi du esne-kuoten sistema 2015. urtera arte baino ez dutela luzatuko, eta bitartean kuotak ez dituztela gutxituko, abeltzain elkarte batzuek eskatzen duten bezala.
Bruselak gobernuei baimena eman nahi die nekazariei 7.500 eta 15.000 euro bitarteko dirulaguntzak emateko. Dirulaguntzen ordainketa urrira aurreratzea ere proposatzen du, eta sustapenean laguntzea. Gainera, sektoreari laguntzeko beste sistema batzuekin jarraitzearen alde egiten du, esnekien esku-hartzea (erosketa publikoa) barne.
Europako Hogeita Zazpiek ez dute erabateko adostasuna lortu sektorearen krisiari aurre egiteko neurrien gainean, eta askoren ustez, Bruselak eskainitako horiek neurri arinak dira.
Bruselako proposamenean jasotako asmoak ez direla «behar bestekoak» uste du Estatu espainolak. Orain arte ezarritako neurriak ere ez direla nahikoa izan adierazi du Madrilgo Exekutiboak, eta ez du uste neurri berriek sektorean eragin handia izango dutenik.
Iragarritakoaren arabera, Estatu espainolak esku-hartze ekonomikoaren ildoko neurriak eskatuko ditu, besteak beste, erreferentzia prezioak igotzea, «bere maniobra mugen barruan»; eta animalien elikadurarako esnearen erabilera eta gisako aukeretan aurrerapausoak ematea proposatuko du.
Bestalde, Estatu frantsesak eta Alemaniak, beste zazpi herrialderen babesarekin, aurrerago joateko eskatzen duen gutuna bidali diote Mariann Fischer Boel Nekazaritza ministro europarrari. Konpentsazioak igotzea defendatzen dute herrialde horiek, baita banaketaren eta abeltzainen arteko harremanak erraztuko dituen «erakunde ekonomikoa» sortzea ere.
Salneurrien arteko aldea
Sektoreak duen arazo handienetako bat da abeltzainak jasotzen duen ordainaren eta esnea erostean kontsumitzaileak ordaintzen duenaren arteko alde handia. Europako Batzordeak berak zabaldutako datuen arabera, jatorrizko salneurriak %39 murrizketa jasan duen bitartean, erosleak ordaintzen duenak %2 egin du behera.
EBko txandakako presidentetzaren -Suediaren esku- informazio iturrien arabera, esne sektorearen krisia larria da eta horretan ados daude Hogeita Zazpiak, baina gaurko batzarrak agerian utziko du krisiari aurre egiteko zer egin behar den erabakitzeko dagoen adostasunik eza.
Suediako presidentetzak sektorea berpizteko neurri gehigarriak hartzeko beharra ikusten du, baina merkatuaren egoera «oso zaila» dela adierazi du. Horri, edozein proposamen berri Erkidegoko nekazaritza politikaren irizpideekin bat etortzeko beharra gehitzen zaio.
Aste honetan bertan, Mariann Fischer Boelek esne merkatuaren krisiak «hondoa jo» duela adierazi du, egoera oraindik «oso larria» dela onartu badu ere.
Fischerren ustez, nazioarteko merkatuan badaude sektorea berreskuratzen ari den zantzuak. «Badirudi salneurriak mailarik baxuenera heldu direla eta esne gaingabetu hautsen prezioak eta eskaera igo direla. Joera hori `kutsakorra' izatea espero dut. Onartezineko mailatik abiatzen bada ere, merkatuak egonkortzen ari dira», adierazi zuen komisarioak.
Boelen ustez, nahitaezkoa da «eskaintza berpiztea», baina gogorarazi zuenez, mundu mailako krisi bat dago eta horrek eragina du nekazaritzaren eta abeltzaintzaren merkatuan.
BPGren %2
Esne sektorearen krisia aztertzeaz gain, nekazaritzako elikagaien lehiakortasunari buruz goi mailako taldeak egindako aholkuak jorratuko dituzte ministroek, sektorea bultzatzeko.
Nekazaritzako elikagaien industria europar Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 da eta Europar Batasunaren barruan manufaktura sektoreko enpleguaren %13,5 sortzen du, gehienbat enpresa txiki eta ertainak diren 300.000 enpresen bitartez.
Horrez gain, Munduko Merkataritza Erakundeko batzar informalaren emaitzen berri emango du Fischerrek.
Nekazaritzako elikagaien industria EBko BPGaren %2 da, eta manufaktura sektorean lanpostuen %13,5 biltzen ditu. Industria horren lehiakortasuna ere aztertuko dute gaurko batzarrean.