GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Kontsuelo Agirrebarrena kartzelatu ostean

Herriak hautatu zuen zinegotzia maite dutela esanez Lizartza kalera atera da

Regina Otaolak Lizartzako errolda zenbatekoa den jakin nahi izanez gero, Rodolfo Aresi eskatzea besterik ez du. Kale garbitzaile lanetan hasi bada udan, Lizartzan bideo grabatzaile aritu baitzen Ertzaintza, herri osoa kalera atera zen manifestazioaren zelatan.

p006_f01jpg.jpg

Gari MUJIKA

Atzoko egunean, irailaren 6an, baina bi urte lehenago, Kontsuelo Agirrebarrena, zinegotzi hautatua izan zena, beste makina bat lizartzarrekin batera protestan aritu zen Madrilek ezarritako legeak medio inposatu zuten PPko alkatetzaren aurka. Atzo, ordea, ezin izan zuen herriko jaiez gozatu, Martutenen kartzelatuta baitago astearteaz geroztik. Haren delitua, Gorenaren epaiak dioen bezala, PPko zinegotzien aurrean protesta egitea.

Lau urteko kartzelaldia ezarri dioten 61 urteko lizartzarra herrian nahi eta maite dutela adierazteko manifestazio itzela egin zuten atzo. Nahiz eta «apartheid politikoa» ezarri ondotik azken sei urteotan derrigorrez manifestari profesional bilakatu diren, Lizartzak, atzo, inoiz izan duen mobilizaziorik handiena jaso zuen. PPk izan zituen 27 boto-emaileak ez ziren bertan izango, akaso Lizartzan ere ez direlako bizi, baina ostantzean, lizartzarrik ez zen etxean gelditu.

Ezin Lizartza makurrarazi

Herri borondateari iseka egin dion Regina Otaolak aurtengoan uko egin dio egunotan ospatzen ari diren Lizartzako jaiak antolatzeari. Antza, Udalak antolatu zuen jai egitarauak iaz jaso zuen erabateko boikota ez du gustuko izan. Baina iaz eta aurreko urteetan bezala, herri batzarrak jai paregabeak prestatu ditu aurtengoan ere.

Herri bazkariaren ondotik, herri kiroletan aritu ziren lizartzarrak herri sarrerako belardi batean. Baina zazpiak gerturatzen ari ziren heinean, herriko plaza betetzen hasi zen. Nola ez, baita Ertzaintza agertu ere, aurpegiak estalirik enparantza inguruak hartu nahian. Zazpiak pasatxo zirela abiatu zen manifestazio isila, «Lizartza utzi pakean, Kontsuelo etxera!» lemarekin, eta espetxeraturiko zinegotziaren argazkia aurre-aurrean zeramatela.

Errepiderantz abiatu bezain pronto, bidea mozteko keinua egin zuten ertzainek, baina eskuinera jo zuen martxak, geroxeago berriro errepidea hartzeko. Lizartza inguratu zuten ehunka eta ehunka manifestariak berriro erdigunerantz sartzen ari zirenean, guztiak bideoz grabatzen hasi zen Ertzaintza. Baina inork ez zion erantzun polizien probokazioari.

Herri bazkaria egin zuten zelaian elkartu eta azken hilotan eskualdean bizi izan duten errepresioaren gertaerak salatzen hasi zen jendaurrean hitza hartu zuen lagun bat. Ibarrako polizia kargak, Ertzaintzak bultzaturiko ika-mikan Remi Ayestaran Villabonako zinegotziaren heriotza, preso politikoekiko elkartasunaren jazarpena edota Kontsuelo Agirrebarrenaren espetxeratzea aipatu zituen, argi utziz PSOEren «errepresio mozkorraldi eroak» ere ez dituela lizartzarrak makurraraziko. «Guk, Kontsuelo eta Remi bezalaxe, ez baitugu amorerik emango. Gora Kontsuelo!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo