Euskal Herria jaietan
Julio Amutio izan da nagusi Antzara Egun jendetsuan
Atzoko Antzara Eguneko joko nagusian 83 potinek hartu zuten parte. Julio Amutio izan zen zortzi jasoaldirekin antzararen burua lortuta marka onena egin zuena. Berriro ere jendetza bildu zen Lekeition.
GARA |
Berez, larunbatean ospatzea zegokion arren, ohitura Antzara Eguna irailaren 5ean ospatzea baita, Udalak eguna aldatu eta atzo egitea erabaki zuen, gehiegizko jendetza biltzea ekiditeko.
Giro ezin hobean ospatu zuten lekeitiar eta hamaika txokotatik iritsitako milaka lagunek jai herrikoi eta ikusgarri hau. Eguneko ekintza nagusia, antzara jokoa alegia, milaka lagunen begiradapean egin zuten beste behin ere. 83 potinek hartu zuten parte, eta beste hainbeste ordezkari izan ziren antzararen burua lortzen saiatu zirenak. Azkenean, Julio Amutio izan zen garaile zortzi jausialditan hegaztiaren burua bere eskuetan geratzea lortu baitzuen.
Eguraldi ezin hobea lagun, musika, jendearen joan-etorria eta 16.00etatik aurrera ospatu zen txapelketa izan ziren protagonista kostaldeko herrian. Hiru ordu iraun ohi du antzararen buruari gogor eutsi eta, uretara erori aurretik, burua kentzea helburu duen jolasak.
83 txalupa edo potinek hartu zuten parte atzoko edizioan, gehienak lekeitiarrak, baina kanpokoak ere baziren. Bitartean, Mendexa eta Amoroto herrietako lagun taldeak izan ziren antzara lotzen duen sokari tira eta tira aritu zirenak.
1986. urtean erabakia hartu zenetik, txapelketa hasi baina ordu batzuk lehenago hil egiten dute antzara, eta hala lotzen dute sokara hegaztia, hilik dagoela. Landetatik ekarritako antzarak izan ziren atzokoak, bost bat kilokoa bakoitza. Lehen bizirik, eta azken urteotan hilda, baina 2006. urtean salbuespena izan zen, hegazti gripea zela eta plastikozko antzara jarri baitzuten sokan lotuta.
Jatorria XVII. mendean duen jaia da Antzara Eguna, eta lehen Kantauri itsasertzeko hainbat herritan ere ospatzen zuten.