GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Antzarak han eta hemen

Amets TXURRUKA

Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Atzokoan Markelek bere zutabetxoan esaten zuen legez, batzuek gosari ederra egin eta egunkaria irakurriz hasiko zenuten eguna, ondoren domekari bere ukitu berezia emateko asmoz. Guk, domeka izan arren ez genuen jairik, izan ere, egiteko gogorra geneukan aurretik, eta, hala ere, umorez hasi genuen eguna.

Bapo gosaldu ondoren, irteera gunera abiatu eta han ziren EiTBko Fermin eta Txopi elkarrizketak egiten. Ordulariari begiratu eta Txopik (kamerarekin dabilen lekeitiarrak): «Hi Amets, ondiñoko sasoiz gabiz ta jungo al gaittuk antzarretara?» Proposamen tentagarria oso!

Egun handia lekitxarrentzat, baita beste askorentzat ere, izan ere gaur egun jada Euskal Herri osoan ezaguna bilakatu den jaia baita Lekeitioko Antzara Eguna. Antzarak gogoan, guk ere umoretsu hasi genuen eguna. Sinadura kontrola pasata, etapa hasi bitartean txaranga batek alaitzen zuen irteera gunea. Halako batean doinu bat ezaguna zitzaigun eta irribarretsu kantuan hasi ginen: «....egingo dugu, kriston kanika taldea egingo dugu!...» jajaja, hura katxondeoa!

Behin etapa hasita, katxondeo gutxi zen pelotoian, eta antzarez ahaztu arren antzarek bezain beste lepoa luzatu eragin digute. A zelako etapatxoa! Etapa ikusteko bide bazterrak jendeak betetzen bazituzten ere batzuek nahiago izan zuten zerura aireratu eta antzaren pare han goitik begiratu. Ohiko telebistaren helikopteroaz gain, militarren helikoptero bat eta abioneta txikitxo bat izan ditugu guri jarraika.

Helmugara iristeko bidean, gora eta gora egiten genuen eta une batez neu ere iritsi naiz pentsatzera ea guk ere bizikleta eta guzti haien altuerara arte igo behar genuen! Horren-horren gora ez gara iritsi baina 1.500 metrotik gora kokatutako militarren basera arte bai, eta zerutik hain gertu eta lepoa luze-luze eginda bukatu dudanez, antzara sentitu naiz neu ere une batez. Aldamenean ordea, lepo oso motza duen txapeldun bat neukan, Kazakhstaneko animalia honek ikusiko duzue oraindik nola egingo duen hegan!

Zutabe hau argitaratzen denean oraindik bat baino gehiago Lekeitio aldean jira-biraka ibiliko denez, beraiei besarkada bana bidaltzeko profitatuko dut. Kalitatezko golfo-juerguista izatea ere ez baita erraza! (anaiak hori esaten dit beti, eta arrazoia eman diot behin baino gehiagotan!)

Bukatzeko, gaia aldatuz, gogoratzen zarete herenegungo zutabetxoaz? Ilobari esaten nion, karreran gaudenean beste era batera ikusten gaituen arren, betikoak garela eta beraren falta sumatzen nuela? Bada kontatu behar dizuet «aitona Txurruk» Iker txikiari zutabetxoa irakurri ondoren, bere deia jaso nuela eta tarte luze batez kontu-kontari aritu ondoren berriz ere indarberrituta nagoela!

Etzira arte, irakurle fidelok!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo