Jean Dauguer
Avironek orain arte erakutsitakoa berretsi du
Zuri-urdinek sekulako norgehiagoka egin zuten, Bourgoinen gainetik pasa ziren. Amaierarako zazpi entsegu ere egin zituen talde lapurtarrak, eta horri esker, Baionako taldeak erasoko puntua ere batu zuen.
AVIRON 53
BOURGOIN 6
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek berriro ere bere aurpegirik onena erakutsi zuen atzo Bourgoinen aurka, eta garaipena erraz lortu zuen. Lapurtarrak azkeneko bi partidak galduta zetozen, nahiz eta pasa den astean ia irabazi egin zuten Tolosan, baina ez zuten lortu, eta behar zuten denboraldiko bigarren garaipena, eta atzo lortu zuten bezala lortzeak indar handia emango die.
Bourgoin ez da talde samurra, baina zuri-urdinek atzo dena ongi egin zuten. Frantziarren gainetik pasa zen euskal taldea. Jaun eta jabe izan zen hasieratik, eta amaieran zazpi entsegu lortuak zituen Avironek, puntu gehigarria lortuz. Horrek argi eta garbi erakusten du zer-nolako norgehiagoka izan zen atzokoa. Etxekoak nagusi izan ziren bai erasoan, eta bai defentsan. Dena ongi egin zuten, eta Bourgoinek ezer gutxi egin ahal izan zuen.
Zuri-urdinek lehen minututik erakutsi zuten atzokoan beraiek gainditzea ia ezinezkoa izango zela, eta horrelaxe izan zen. Lehen minututik jo zuten erasora, eta Bourgoinek ezinean ikusi zuen bere burua, nahiz eta lehen minutuetan eutsi ahal izan zuen.
Hala ere, atsedenera joan aurretik, zuri-urdinek alde handia lortu zuten, eta atseden hartzerako ia partida erabakita utzi zuten.
Bigarren zatian, talde bakarra izan zen berdegunean. Kanpotarrek ere etsi egin zuten, ikusten baitzuten ezer gutxi egin zezaketela, baina hori ez da aitzakia, euskaldunek eroso jokatu zuten, joko ikusgarria eginez, eta Stade Françaisen aurka Anoetan erakutsitakoa berretsi zuten atzo. Orain, hemendik aitzinera bide beretik jarraitu beharra daukate, bai behintzat beraien helburuak lortu nahi badituzte.