Aizkora Gipuzkoako finala
Iaz galdutako txapela berreskuratu du Olasagastik
Olasagasti saio osoan zehar aurretik ibili zen, baina Iñaki Azurmendi gainean zuen beti; amaieran minutu erdi batek erabaki zuen finala. Arriarangoak ezin izan zuen iazkoa errepikatu.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Joxemari Olasagastik berriro ere txapela jantzi zuen atzo. Iaz Iñaki Azurmendik kendu zion, eta aurten estu ibili bada ere, Igeldokoak, finalean aritutako zaharrenak, berriro ere txapela beretzat hartzea lortu du.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Ez zen jende gehiegi batu Donostiako Trinitate enparantzan finala zuzenean ikusteko asmoarekin. Joseba Otaegik, aurtengo Bigarren Mailako Gipuzkoako txapeldunak ordezkatu zuen Lasa, Legorretakoa min hartuta baitago.
Aditu guztiek Azurmendi eta Olasagasti jotzen zituzten faborito, eta aurreikuspen horiek ez zuten hutsik egin, halaxe izan baitzen. Igeldokoak, betiko moduan, indartsu ekin zion finalari, eta lehen enborra berak bota zuen, gainerakoei alde pixka bat ateraz. Bigarren enborrerako, ordea, gainerakoak ere gerturatu zitzaizkion.
Hortik aurrera, eta lan erdiak egin artean, lehia handia izan zen. Bera izan zen aurretik, baina gainerakoak ere nahiko gertu izan zituen, minutu erdi baten barruan sartu baitziren beste aizkolariak ere. Lan erdietan Igeldokoak zuen denborarik onena: 14.08. Bigarren, Azurmendi izan zen, 15.04ko denbora eginez. Lan erdietan hirugarren Txapartegi izan zen: Aizarnakoak, 15 minutu eta 7 segundo behar izan zituen lehen bost enborrak botatzen. Laugarren, Otaegi; honek 15 minutu eta 31 segundotan burutu zituela lanen erdiak. Eta azken postuan Mujika, 15 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Bigarren zatian, gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Txapela Olasagastiren eta Azurmendiren arteko dema izan baitzen. Igeldokoak gogor jo zuen, baina Arriarangoa gainean izan zuen, ez zuen tarte handirik lortzen, eta garbi zegoen han bietako edonork irabaz zezakeela.
Hirugarren posturako lehian, berriz, Txapartegik zuloa egin zien Mujikari eta Otaegiri, eta honek ere hirugarren postua segurtatu egin zuen. Beraz, ez lehen posturako aukerarik gabe baina azken postuan geratzeko arriskurik gabe, bere lana ongi amaitzera joan zen Aizarnakoa, berarentzat hirugarren postua ez baitzen batere txarra. Mujikak eta Otaegik, beraz, azken postua zuten lehian.
Lanen amaiera aldera ere Olasasgatik lehen postu horretan jarraitzen zuen, baina Azurmendi han zuen gainean, eta azkeneko kolpera arte ekinean aritu behar izan zuen txapela berreskuratzeko, eta amaieran helburua lortu ahal izan zuen, berarentzat izan baitzen aurtengo txapela. Azurmendik bigarren amaitu zuen, eta Txapartegik hirugarren.
Azken posturako lehian, Otaegik beherantz egin zuen, lan erdietan zuen laugarren postu hori galduz, eta Mujikak ere azkenerako tartetxoa zabaldu zuen, eta Ibarrakoak aurre hartu zion. Bai Ibarrakoak, eta bai Zizurkilgoak ere, atzo jokatu zuten lehenengo aldiz maila nagusiko final bat.