GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Getxo Folk

«Euskal musika: 25 urte», hauxe duzu fandangoa geure gustukoa

Euskal musika: 25 urte» izeneko ekimenak euskal musikari andana elkartu zuen atzo Getxoko Folk jaialdira, izan taldeka zein bakarka, gazte eta zahar.

A. BILBAO

Getxoko folk jaialdiak 25. edizioa zuen aurtengoa, ez da marka makala. Eta atzo, aurtengo egitarauari behar bezalako bukaera emateko, ekitaldi berezia prestatu zuten, oholtza berean Oreka Tx, Mikel Urdangarin, Gose, Niko Etxart, Maddi Oihenart eta Oskorri elkartuta.

Iluntzeko 20.00 inguruan hasi zen festa, musikazalez lepo zen plazan. Isiltasuna Oreka Tx txalaparta-jotzaile bikainek hautsi zuten, atzealdean azken urteotan munduan zehar egin dituzten bidaien irudiz lagunduta. Formatua, gero berriz besteekin errepikatuko den bera. Artista bakoitzak launa kantu, eta txanda aldaketa bakoitzean uztarketa bitxi eta aipagarriak. Oreka Tx taldeak, esaterako, Mikel Urdangarini eman zion segida, azken kantuan zornotzarrarekin Mikel Laboa bertsio batez omenduta.

Urdangarinek taldearen laguntza izan zuen Getxon, eta besteak beste, aurki plazaratzekoa duen lan berritik kantu bat jo zigun primizian, 1936ko Gerran desagertutakoei eskainia. Eta Goseri lekukoa eman aitzin, «Zaharregia, txikiegia agian» kantatu zuen Ines Osinaga eta bere soinuarekin batera, ederto.

Ezohiko taldea dugu Gose gurean, apurtzaile edo berritzailea, eta ikus-entzuleen artean gazteak ere baziren arren, harri eta zur utzi zuten nagusi zen publiko helduagoa, ikuskizun bikaina eskainita, «Sutan» kantu primerakoarekin, esaterako, edo azken kantua jende artean eta batetik bestera mugituz kantatuta -jaialdiko antolakuntza bikaina lagun-. Niko Etxartek ere ez zuen aukera alferrik galdu nahi izan, eta Ines berarekin ez ezik, Maixarekin ere kantatu zuen kantu bat, umoretsu. Zuberoarrak bakarrik kantatu zituen bere kantuak, talderik gabe eta gitarra hutsez, baina zaleen laguntza eskatu zuen, baita lortu ere, XVII. mendeko zuberotar maitasun kantu bat abesaraziz, besteak beste.

Bukaera aldera, eta airetik ateratako Euskal Herriko paisaien irudiak lagun, zoragarri moldatu zen Maddi Oihenart laukote finean, eta «Aita Semeak» -artxiboko irudi hunkigarriak atzean zituztela- Oskorrirekin kantatu ostean, bilbotar talde animosoari egin zion tokia. Amaitzeko, jendea pozik kantuan zen bitartean -baita batzuk dantzan ere-, artista guztiak oholtzara deitu eta «Furra Furra» kantatu zuten guztien artean jaialdia zoriontzeko, 25 urte ez dira-eta egunero betetzen.

Urteurren tarta

Jaialdia itxi aurretik, larunbatean eta ospakizunekin hasita, ekitaldi berezia egin zuten Erromoko Santa Eugenia plazan, urteurren tarta handi bat eginda. 600 zatiko pastela prestatu zuten bertan (100 zeliakoentzat) eta euro batean saldu, Munduko Medikuak diruz laguntzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo