GARA > Idatzia > Ekonomia

Euskal atun ontziek hirugarren eraso bat saihestu dute Somalian

Azken bost egunotan piratak hiru euskal atun ontziri eraso egiten saiatu dira Somalian. Azkena, Bermeoko «Intertuna II»-ren aurka jazo zen atzo goizaldean, baina erasotzaileek ez zuten helburua lortu. Gobernu espainolak, atun ontzien jabeekin batzartu ostean, hainbat neurri iragarri zituen atzo: «Canarias» fragataren babesa eta lan eremuaren perimetroa murrizteko eskaera. Arrantzaleak «kezkatuta» daudela nabarmendu eta babes handiagoa eskatu dute.

p024_f02_148x100.jpg

GARA

Bermeoko «Intertuna II» atun itsasontziak piraten eraso berri bat ekidin zuen atzo Indiako Ozeanoan, Somaliako itsaser- tzetik 400 bat miliatara. «Alakrana» itsasontziko patroiak -aurretik honek ere eraso saiakera izan zuen- baieztatu zuen berria, inguruan arrantzan baitzebilen. Informazio iturri horren arabera, goizeko bostak aldera (Euskal Herriko ordua) 20 bat arrantzale dituen euskal itsasontziak «ontzi txiki» bat antzeman zuen radarraren bidez 11 milia ingurura. Atunetan zebilen «Intertuna II»-k ontzi ezezagun bat hurbiltzen ari zela ikustean, larrialdietarako prozedura jarri zuen martxan, eta sareak jaso zituen.

Azken gertakari honekin hiru dira euskal atun ontziek azken egunotan jasandako eraso saiakerak. Izan ere, «Intertuna»rekin batera, «Alakrana»k berak eta «Campo Libre Alai»k ere piraten erasoa ekiditea lortu dute.

«Alakrana»ko patroiaren esanetan, inguru horretan arrantzan dabiltzan ontziak «beldurtuta eta kezkatuta» daude, honelako gertakariak maiz izaten direlako. Bere ustez, Estatu frantseseko ontziak «lasaitasun handiagoz» ari dira lanean, ontzian militarrak dituztelako segurtasuna zaintzen.

Bitartean, Gobernu espainolak Somaliako uretan dabiltzan ontziei beren arrantza eremua murrizteko eskatu die, nahiz eta horrek harrapaketa gutxitzea ekar dezakeen. Carme Chacon Defentsa ministro espainolak esan zuenez, «Mediterraneo itsasoa baino zazpi aldiz handiago batean, batzuk eta besteak elkarrengandik hain urrun aritzeak arazo gehiago ematen du».

Bi hilabeterako babesa

Arestian aipatutako mezua atun ontzien jabeei helarazi zien atzo ministroak, eta ontziak babesteko urri amaierara arte indarrean izango diren neurri bereziak abiaraziko dituela iragarri zuen.

Besteak beste, «Canarias» fragata bi hilotan Somaliako uretan zaintza lanak egiten arituko dela esan du Chaconek, eta kontaktuak erregulatuko dituen mekanismo berria iragarri du. Fragata eta horrek daraman helikopteroaren arteko komunikazioa eta itsas patruilako hegazkinaren eta Estatu espainoleko arrantza-ontzien arteko komunikazioa ziurtatu nahi du horren bitartez.

Horrez gain, Defentsa Ministerioak agindu duenez, atunetan lanean ari diren elkarteekin lotura lanak egingo dituzten hainbat arduradun bidaliko ditu Britainia Handiko Nortwooden «Atlanta» operazioak duen kuartelera.

Madrilgo Gobernuak agindutako neurriek ez dituzte arrantza-ontzien jabeak lasaitu. Izan ere, babes neurri gehiago eskatzen dute eta, Estatu frantsesak hartutako neurriak, esaterako, ontzietan militarrak joatea, beharrezko ikusi dituzte. «Canarias» fragataren jarduera ere kritikatu zuten, ontziak arrantzan ari diren eremuan ibili beharrean, askoz urrunago dabilela esan baitute Somaliako itsasertzean dabiltzanek.

Azken egunotan erasoak saihestu dituzten arrantzaleak «oso kezkatuta» daudela nabarmendu dute.

babes handiagoa

Defentsa Ministerio espainolak «Canarias» fragata Somaliako uretan ibiliko zela iragarri bazuen ere, horrek ez zituen arrantzaleak lasaitu, eta babesa ziurtatzeko neurri gehiago eskatu dituzte.

«oso kezkatuta»

Somaliako uretan atunetan dabiltzan ontzietako arrantzaleak «oso kezkatuta» eta «ilusiorik gabe» daudela esan zuen erasoa saihestea lortu zuen atun itsasontziko patroiak, eta «babesik gabe» daudela nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo