GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

«Jokalari guztiok Anoetako derbia jokatzeko irrika biziz gaude»

p037_f02.jpg

Imanol Harinordoki

Biarritz taldeko jokalaria

Hemendik eta larunbateko derbia hasi bitarteko orduak kontatzen ari da Imanol Harinordoki, jokalari guztiei sortzen baitie irrika berezia lapurtarren derbiak. Badaki partida zaila izango dela, beti horrela izaten delako. Hala ere, orain, lehen baino alde txikiagoa dago bien artean. Sailkapenean ere bi taldeak parean baitaude. Hala ere, garaztarrak garbi dauka derbia irabazteko zer egin behar den.

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Imanol Harinordoki berriro ere Biarritz taldearen ikurretako bat izango da. Garaztarraren lana garrantzitsua da zuri-gorrientzat, eta orain, bere lesioa gainditu ostean, prest dago Ligari ekiteko. Larunbateko lapurtarren derbirako irrika biziz dago.

Nola ikusten duzu derbia?

Beti bezala, gogorra. Partida hauek zailak dira, bi taldeok irabazi nahi izaten dugu, eta askotan burua freskoen duenak lortzen du garaipena. Uste dut jokalari guztiok jokatzeko irrikaz gaudela.

Bi taldeok Liga hasiera berdintsua egin duzue.

Hori da, bakoitzak bina partida irabazi eta hiru galdu ditugu, parean gabiltza, beraz. Garbi daukagu norgehiagoka oso zaila izango dela, derbi guztiak bezala.

Honelako partidek duten zailtasunaz gain, oraingoan sailkapenerako ere oso garrantzitsua izango da, irabazten duena gorantz abiatzeko moduan izango baita, eta galtzen duena hor geratuko da.

Partida ez duzue Agileran jokatuko, Anoetan baizik. Beraiek orain dela hiru aste jokatu zuten Donostian. Hori akaso beraientzat hobea izango da, ezta?

Ez dut uste. Egia da guk ongien Agilera ezagutzen dugula, baina Anoetara ere ederki moldatu izan gara. Gainera, Agilera beraiei ongi doakien zelai bat da. Azkenaldian partida bat baino gehiago irabazi digute etxean, eta gero guk Baionan. Derbi hauek honelakoak dira, edozeinek irabazten dituenak, eta orain zelaia aldatzen dugulako, ez dut uste hori aldatuko denik.

Orain artekoan Avironek entseguak egiteko erraztasun handia erakutsi du. Hori al da gehien kezkatzen zaituztena?

Bai, kontuz ibili beharko dugu. Beraiek defentsan lan handia egiten dute, presio handia jartzen dute, eta baloiak harrapatzeko erraztasun handia dute. Gero kontraerasora min handia egiten dute, hegaletan jokalari oso azkarrak baitituzte. Guk hori ekidin behar dugu, gure jokoa egin, eta beraiei ez utzi beraiena egiten.

Urte askotan Biarritz nagusi izan da, baina orain Aviron gerturatu egin zaizue. Euskal errugbiarentzat ona izango da hori ezta?

Bai, bai, dudarik gabe. Guk txapelketak irabazteak beraiei indarra eman die, gu ikusi eta guregana heltzeko indar berezia egin dute. Iaz alderantziz izan zen.

Aurreko denboraldi osoan zehar gure aitzinetik izan ziren, eta horrek guri indarra ematen zigun, ezin baikenion Avironi gure aurretik amaitzen utzi, eta amaiera bikain bat egin ostean, Baionakoen aitzinetik amaitzea lortu genuen.

Liga hasi aurretik min hartu ostean larunbatean itzuli zinen zelaietara. Erabat osatu al zara?

Bai, bai, Stade Françaisen aurka ez nuen ezer sentitu, dena ongi joan zen, eta oso gustura amaitu nuen. Aste osoa ere normal entrenatuz eman dut, eta ez dut inongo minik nabaritu, eta erabat osatuta nagoela uste dut. Hasieran uste baino azkarrago itzuli naiz zelaietara, eta uste dut derbi hau Liga hasieran izateak lagundu didala nire lesioa uste baino azkarrago gainditzen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo