GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Zergatik egiten duten ahaztuko zaie noizbait

Haurrak ginen. Ez dakit seguru zenbat urte izango genituen. Gogoan dut aste horretan manifestazio jendetsuak izan zirela herrian. Kromotan genbiltzan espaloian eserita manifestazioa ondotik pasa zitzaigunean. Manifestarien oihuak liluratu egin gintuen. Egunak eman genituen lelo hura errepikatzen; «gora- bera-mi-ni-fal-dak». Kontrakoa pentsa daitekeen arren, koadrilan ez gara batere minifalda zaleak atera.

Oroitzapena berritu zait aste honetan Hondarribian ikusitako irudi batekin. Amaren magalean haur bat ikusi dut. Espaloian. Ez kromotan, Alardea noiz pasatuko zain baizik. Jaizkibel konpainia iritsi da eta amak txapel gorriarekin tapatu du aurpegia. Eta haurrari begiak tapatu dizkio eskuekin. Belarriak tapatu nahiko zizkion igual, baina eskurik gabe geratu da dagoeneko. Hurrengoan aita edo amona ondora ekarri beharko dituela pentsatu du; batek txikiari begiak tapatzen dizkion bitartean, besteak belarriak tapa diezazkion.

Baina hurrengo urtean beharko du. Izan ere, hurrengo urtean ere pentsatu beharko dute zerbait. Plastiko beltzena ikusita dago; aurpegia maskara batekin tapatzearena ere bai; aterki beltzena ez da oso berritzailea. Bizkarra ematearen aukera hor dago beti; erraza, garbia, azpiegitura gutxi behar duena. Hori da, agian, modurik tradizionalena. Zozo samarra geratzen da baina...

Haur hori handitzen denean, bere seme-alabekin irudikatzen dut goizean goiz espaloian tokia gordetzen. Eta, kasurik tristeenean, bere seme-alabei ere begiak tapatuko dizkie Alarde parekidea badatorrela ikusten duenean. Eta ordurako, ahaztuta izango du zergatik egiten duen hori. Etxekoek beti horrela egin izan dutelako egiten duela pentsatuko du. Tradizioa hori delako. Betikoa delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo