GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bertsioen arteko ezadostasun errepikatuak

Estatu estrategiak eratutako Gobernuaren propaganda-premiak, dinamika errepresiboari eutsi ez ezik, hura areagotzea ere eginkizun nagusi duela, hainbat oinarrizko eskubideren murrizketa zabaldu du Hego Euskal Herri osora, eta azken egunotan zenbait instituziok eta politikarik ere zalantzan jarri dute dinamika hori, ezinezko distantziakidetasunari eutsita bada ere. Nolanahi ere, ez dirudi Gobernu hori harako dinamika berrikusteko prest dagoenik. Eskubideen urraketa salatzeko agerpenen debekuak eguneroko ogia dira, eta errepresio itsua, eskaintzen duen konponbide bakarra. Atzo Lekeition izandako atxiloketen berri emateko agerpena propaganda saio bat izan zen burutik burura, Ertzaintzak kale erasoei «aurrea hartzeko dispositiboa» goraipatu, eta froga ukaezin bat aurkitu balute bezala, gazteek metxeroak zeramatzatela esanda. Oraindik ez dago argi Lekeition bertan astelehen goizaldean izandako istiluak nola hasi ziren. Lakuako Barne Sailaren bertsioa eta hainbat herritarrena ez datoz bat, eta ezadostasun hori ez da uda honetako lehenbizikoa, ezta hurrik eman ere. Ez datoz bat, halaber, herenegun aske atera ziren gazteek tratu txarrak salatzea, eta horren gainean, Barne Sailaren isiltasuna.

Isiltasuna, hain zuzen, nagusi izango da Etxeratek larunbaterako Donostian deitu duen manifestazioan, hain dira ugariak salatzeko kontuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo