GARA > Idatzia > Kultura

«Mendien misterioak», lurpeko eremu eta kobazulo ezezagunen kontakizuna

p042_f02_097x092.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Felix Ugarte Elkarteak naturaren mundua gazte eta haurren eskura jartzen dihardu azken urteotan. «Maddiren abentura» (12-16 urte arteko gazteei zuzendua) DVDarekin batera, oraingoan ildo bera jarraitzen duen liburu-DVDa aurkeztu du: «Mendien misterioak». Espeleologia da datozen egunetan plazaratuko den egitasmoaren haria. Izan ere, gero eta jende gutxiagok dihardu lurpeko eremuak aztertzen eta are zailagoa egiten da zaletasun horri lekukoa hartuko dion belaunaldi berrietako jendea lortzea.

Askok ez dituzte ezagutzen lurpeko eremuen natur eta kultur balioak, haien presentzia Euskal Herriko mendietan benetako misterio bihurtzen delarik. Misterio hori agerian geratzen da «Mendien misterioak» lanarekin, non ipuin baten bitartez lurpeko paisaiaren eraketa eta haren okupazioaren historia ezagutarazten zaien 6-10 urte bitarteko haurrei.

Helburuak

Azken urteetan sortutako material pedagogikoarekin bi helburu betetzen saiatu dira Felix Ugarte Elkarteko kideak. Batetik, espeleologiaren inguruko ikerketa bultzatu nahi izan dute Lurpeko Eremua Baloratzeko Teknika baliatuz (fisikoa, biologikoa, arkeologikoa eta etnografikoa); bestetik, dibulgazioa edo zabalkundea ahalik eta gehien lortzea, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleentzako irtenaldi gidatuen bidez eta adin horretako haur eta gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoen bitartez.

«Mendien misterioak» liburua Txomin Ugaldek sortutako testu batean oinarritzen da, Aitziber Alonsoren marrazkiek lagunduta. Horiekin datorren DVDa, Giorgio Studerek zuzendua da eta Tomas San Miguelek musikatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo